Síguenos en redes sociales:

Jaizkibelen sortutako kalteak salatu ditu Abotsanitzek

Aldundiak abenduan egindako lanek suntsipen handia eragin zutela dio udal talde hondarribiarrak

- Hondarribiko Abotsanitz udal taldeak informazio eskaera bana erregistratu ditu Hondarribiko Udalean eta Gipuzkoako Foru Aldundian, azken erakunde honek abenduan Jaizkibel mendian egindako lan batzuen inguruan. Makinaria handiarekin egindako landaredi-mozketa lanak izan ziren eta, taldetik diotenez, "sekulako suntsipena eragin zuten babestutako txilardietan eta ondare arkeologikoan". Ildo horretan, alderditik Jaizkibel Natura 2000 Sarearen barruan dagoela gogorarazi dute, horrek dituen inplikazioekin. Suntsipena baloratzeko, Ingurumen sailaren eta arkeologia teknikariaren txostena eskatu dute, eta Aldundiari, egindako lanen espedientea. "Hori horrela, gertatu dena ezagutu nahi dugu, zer urrats eman erabaki-tzeko", adierazi du taldeak, Aldundiaren mozketa lanek Jaizkibelgo ondare arkeologikoan kalteak eragiten duen lehenengo aldia ez dela gehituz.