- Euskararen ezagutza sustatzeko helburuz, oinarrizko hiztegi eleaniztun bat argitaratu du Lazkaoko Udaleko Euskara Zerbi-tzuak.
Euskara, gaztelania, galiziera, katalana, ingelesa, frantsesa, errumaniera eta arabiera ditu bere gain hiztegiak, eta oinarrizko harremanetarako hitzez osatuta dago.
"Ekimen honek euskara ez dakiten herritarrak euskararen oinarrizko ezagutzara hurbildu nahi ditu", azaldu du Kepa Zubiarrainek, Lazkaoko alkatea denak.
"Euskararen Erabilera Plana egin berri dugu, eta bertan ezartzen den lan-lerroetako bat gure herriko ez-euskaldunei euskara ezagutarazi, ikasten lagundu eta gizarteratzea laguntzea da. Horri erantzuten dio zuzenki ekimenak", gehitu du alkateak.
Oinarrizko hiztegi eleaniztuna jada eskuragarri dago. 1.000 ale argitaratu dira eta erroldatzen diren edota Udalean tramiteren bat burutzera gerturatzen diren guztiei banatuko zaie. Bestalde, interesa duen edonork ere eskuratu dezake Udalean edo www.lazkao.eus -en.