- Nafarroako Erresumaren konkistan euskarri izan ziren gazteluei buruz arituko da Nabarraldeko Oñatiko taldea datozen egunetarako antolatu dituen jardunaldietan. Hitzaldiez gain, erakusketa bat ere egongo da ikusgai Habitat. Ezkutatu diguten historia izenburupean. Gaurtik hilaren 31era arte bisitatu ahal izango da kultur etxean, 18.00etatik 20.00etara. Bertan, "gizakiak jokatu duen historia kontatzen da mapek lagunduta. Ekologian ere erabiltzen den habitat kontzeptuarekin batera, gizakiak sortutako hizkuntza, kultura eta erakundeak aztertuko dira XIX. mendera arte", azaldu dute antolatzaileek.

Herritarrei zuzendutako bisita gidatuak prestatu dituzte Beñi Agirre historialariaren eskutik, gaur eta urtarrilaren 31n, 18.30etik aurrera. Gainera, herriko hiru ikastetxeekin jarri dira harremenetan eta dagoeneko lotuta dituzte DBH-4ko ikasleekin egingo dituzten bisitak.

Urtarrilaren 21ean, aldiz, Angel Rekaldek eta Luis Maria Martinez Garatek Paradigma nafarra. Euskaldunon estatua hitzaldia eskainiko dute zinema aretoan, 19.00etan hasita. Zazpi egun beranduago, hilaren 28an, Iñaki Sagredo historialariak Navarra.Castillos que defendieron el Reino berbaldia emango du leku eta ordutegi berean. Sagredok artxibo lana, hegaldiak eta indusketa lana uztartu ditu 258 gazteluren aztarnak topatzeko. Pamiela argitaletxearekin bost liburutan azaleratu ditu hainbat eta hainbat.