Hurrengo urteko Azpeitiako Kultur Bonoa gaurtik eskatu daiteke
Udalak eta Kulturaz Kooperatibak elkarrekin lan egin dute 2022ko Kultur Bonoa sortzeko. Bonoa eskuratu nahi duten herritarrek gaurtik igandera bitartean egin dezakete eskaera kulturaz.eus web gunearen bitarteaz.
Kulturazetik jakinarazi dutenez, "salgai jarriko den bono kopurua mugatua izango da eta pasa den urteetako eskari handia ikusita, aurten ere bonoa nork erosi ahalko duen zozketa bidez ebatziko da". Zozketa horren emaitzak hilaren 14an emango dira ezagutzera eta onuradunek Sanagustin kulturgunean jaso ahalko dituzte txartelak.
Datorren urterako Kultur Bonoaren prezioa 70 eurokoa da baina Ikasle txartela dutenek, langabetuek nahiz jubilatuek 35 euro ordaindu beharko dituzte bakarrik "dagokien agiriaren kopia aurkeztuz gero".
Aurreko urteotan bezala, Kultur Bonoaren bidez, Sanagustin kulturgunean, Soreasu Antzokian edota Dinamoa sormen gunean antolatutako sarreradun ekitaldiez doan gozatzeko aukera eskaintzen da. Txartela hamar kontzertu, sei an-tzerki edo dantza emanaldi, umeen-tzako sei ikuskizun (heldu bat + ume bat) eta hamar pelikula ikusteko baliagarria izango da.
Berrikuntza gisa, "Kultur Bono bakoitzarekin ekitaldiko sarrera bakarra hartu ordez, lau sarrera (gehienez) hartu ahal izango dira".
Bonoa dutenentzako jakingarri gisa, Kulturaz.eus webguneko agenda atalean bonoa erabili ahal den ekitaldiek ikur bat izango dute.
Kulturazek dagoeneko eman ditu ezagutzera 2022rako antolatu dituen hainbat ekitaldi. Horien artean "Unidad Alavesa, Arah, Birritan Bortxatua, Dani Mateo, Vulk eta Tatxers, El Drogas edo Desakato" daude. Ekitaldi berriak programatu ahala, kulturaz.eus webgunean eta sare sozialetan iragarriko dituzte.