- Gabonetako Azoka Berezia Zizurkilen egingo da larunbat honetan. 10.00etatik 14.00etara ordutegiarekin irekiko da.
Herriko eta bailarako artisauek eta ekoizleek postuak jarriko dituzte Joxe Arregi plazako estalpean. Eguberriak gainean diren honetan, erosketak egiteko aukera bikaina eskainiko nahi du azokak. Bide batez, erosketekin bailarako artisauei bultzadatxo bat eman nahi die Zizurkilgo Udalak.
Gainera, Gabonetako Azokaz gain, Jostailuen Truke Azoka ere egingo da, Joxe Arregi plazan bertan, 10.00etatik 14.00etara bitartean. Azoka honetan parte hartu nahi dutenek, ostegunean eta ostiralean eraman beharko dituzte jostailu, jolas edo ipuinak udal-bulegoetara edo liburutegira, eta trukean txartel bat jasoko dute, larunbatean azokan erabili ahal izateko, hau da, beste jostailu bat hartzeko aukera izango dute.
Truke-azokan parte hartzeko hainbat baldintza bete beharko dira. Azokara ekarri daitezkeen jostailuak ezaugarri eta adin guztietako haurrentzat jostailu, joko eta ipuinak izango dira. Ezinbestekoa da jostailu, joko eta ipuinak egoera onean egotea, hau da, jostailuek osorik egon beharko dute (puskatu gabe) eta mekanismoak dauzkaten jostailuek funtzionatu egin beharko dute. Indarkeria eta sexu desberdintasuna sustatzen duten jostailuak ez dira onartuko. Bestalde, traste guztiak garbiak eta desinfektatuta eraman behar direla azpimarratu dute.
Haur bakoitzak gehienez hiru jostailu, joko edo ipuin eraman ditzake eta beste hainbeste jostailu, joko edo ipuin eraman ahal izango ditu. Haur bat baino gehiagok jostailu berdina eraman nahi badu, interesatuen artean zozketa egingo da.
Ohartarazi dute azokan ez dela dirurik onartuko eta trukearen bidez egingo direla egin beharreko aldaketa guztiak.