- Datorren azaroaren 25ean Indarkeria Matxistaren kontrako Eguna da. Horren harira, urtero bezala, zapi gorriak nagusi izango dira balkoietan. Zapiek 2003tik aurrera eraildako emakumeen izenak daramatzate Lezo indarkeria sexistari aurre egiten dion herria dela irudikatzeko. Era berean, zapata gorriak ipiniko dira dendetan, osasun zentroko kideek margotu eta banatutakoak.

Aurten, duela bi urte bezala, Gaxuxa emakumeen taldeak eta Kuadrillategikoak arduratu dira zapiak egiteaz; Gaxuxak zapiak moztu eta Kuadrillategikoek eraildako emakumeen izenak idatzi dituzte bertan. Interesa dutenek aste honetan jaso ahal izango dituzte udaletxean, txapa moreekin batera.

Zapiak hilaren 22tik 28ra zintzilikatu beharko dira etxeetako balkoietan, eraildako emakumeen izena eta izana gogora ekartzeko.

Bestalde, bihar 19.00etan udaletxeko pleno aretoan Lezoko III. Berdintasun Plana aurkeztuko zaie herritarrei. Ekitaldian parte hartu nahi dutenek berdintasuna@lezo.eus helbide elektronikora mezu bat bidali beharko dute bere datuekin.

Dokumentua Lezoko Berdintasun politikek 2025era bitartean, jarraitu beharreko ibilbide-orria izango da. 50 ekintza inguru bildu dira bertan, ezarritako lan lerroekin lotutakoak: Gobernu ona, Emakumeen ahalduntzea, Ekonomia eta jendartearen antolakuntza aldatu eta Indarkeriarik gabeko bizimoduak, hain zuzen ere.