- Usurbilen giza proba desafio berezia jokatuko da igande honetan, hiru kirolari beste tiratzaile bakar baten aurka arituko baitira. Aimar Zuloaga, Gabi Sarasola eta Iurgi Mendiluze usurbildarrek osatutako hirukoteak Urepel izeneko 1.800 kiloko harria garraiatu beharko du; bestetik, Araban jokatutako giza proba batean nagusitu berri den Joseba Sanchezek, berriz, 750 kiloko Txefarri harriari egin beharko dio tira. Herriko kirolariek tiratuko dute aurrena ordu erdiz, eta ondoren leitzarraren txanda izango da, honek ere ordu erdi izango duelarik. Nork bere harriarekin distan-tziarik gehien egiten duena izango da garaile. Desafioa herriko probalekuan izango da, San Salvador parrokiaren aurrean (12:00etan). Probaren amaieran omenaldia eskainiko zaio segalari fina eta herri kiroletako hainbat modalitatetan ibilitako Txomin Alkorta Sarriegiri. Sarrera bost euro ordaindu beharko da.