Aldundiak turismoaren "susperraldirako joera" positiboa dela dio

Jabier Larrañaga diputatuak "osasun protokolo guztiak betetzeko sektorearen lana" goraipatu du

22.07.2021 | 16:50
Turistak Donostian

Jabier Larrañagak, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak, positibotzat jo ditu ekaineko turismo sektoreko datuak. Izan ere, Gipuzkoa "Euskadi mailan jardueraren susperraldiaren buru" dela adierazi du, "bai bisitari kopuruari dagokionez, bai hazkunderako joerari dagokionez". Hoteletako sarrerak eta ostatu-gauak 79.588 eta 140.907 izan ziren, hau da, hiletik hilera % 63,2 eta % 73,6 igo dira. Larrañagak joeraren etorkizunari begira baikorra da. "Jarraipena izatea espero dugun beste datu positibo batzuk hauek dira: estatuko turismoaren hazkunde handia, Madril eta Katalunia nabarmentzen direlarik; atzerriko turismoaren itzulera progresiboa, ia 23.000 bisitarekin; eta batez besteko egonaldiaren igoera, txikia izanda ere. Nolanahi ere, zifra horiek krisiaren aurreko mailetatik urrun daude oraindik. Izan ere, lurraldeko hoteletan bisitarien sarrera % 35 txikiagoa da 2019ko hilabete berarekin alderatuz gero", azaldu du.

Hilabete honetan, Gipuzkoako hoteletako okupazioa % 60 ingurukoa da, eta datu hori "nahiko ona" dela esan du Larrañagak, aurreko hilabetean % 40koa izan baitzen. Hala ere, atzerriko bisitarien artean "motelaldia" nabari da bigarren astetik. Landa-ostatuei dagokienez, uztailerako okupazioa % 68 ingurukoa da, 2019koa ( % 65) baino handiagoa. Horrek erakusten du "natura inguruneei eta gune lasaiei lotutako turismoa hazten ari dela pandemiaren ondorioz. Horrek, kalitatezko zerbitzua eskaintzeko urteetan egindako lanarekin batera, krisiaren aurretik zituzten zifrak hobetzeko aukera ematen die gure nekazalturismoei". Etxebizitza turistikoei dagokienez, hilabete honetako okupazio-tasa % 55 ingurukoa da.

Abuztuari begira, Larrañagak "zuhurtzia" erakutsi du, izan ere, "ziurgabetasun maila handia dago, azken asteetako kutsatzeen gorakadaren ondorioz, eta horren eragina ikusteke dago, batez ere hoteletan. Aldakortasun handia dago erreserbetan, azken orduko erreserbetan islatzen dena. Nolanahi ere, sektorea ahalegin eredugarria egiten ari da espazio seguruak bermatzeko eta protokolo guztiak betetzeko, eta esfortzu horri balioa eman behar diogu. Gainera, Gipuzkoak bere erakargarritasunari eusten dio erreferentziazko helmuga gisa; beraz, espero dugu horrek aukera emango digula zifra onak lortzeko eta sektorearentzat funtsezkoak diren denboraldi altuko diru-sarrerak lortzeko, batez ere oso urte zail baten ondoren".

Landa-ostatuen kasuan, erreserben datuek pandemiaren aurrekoak gainditzen dituzte berriz ere; izan ere, abuzturako % 76ko okupazioa aurreikusten da, 2019an % 73koa izan zelarik. Apartamentu turistikoek, bestalde, % 67ko okupazio-aurreikuspena dute abuzturako, bi adierazle positiborekin: batez besteko prezioaren susperraldia eta batez besteko egonaldiaren hazkundea, lau egunetan luzatu baita 2019ko datuekin alderatuta, ia 9 egunera iritsita. "Espero dugu horrek ekarpen positiboa egitea gure helburu estrategikoetako bati, hau da, turismo-fluxuak lurralde osoan banatzea, tokiko merkataritzan, ostalaritzan eta baliabide turistikoetan eragina izateko", adierazi du.

Aldundiak turismoaren sektorearekin duen "konpromisoa" berretsi du Larrañagak, "bai epe laburrera, bai epe luzera", eta, ildo horretan, iragarri du Aldundiak krisiaren eragina arintzeko eta enplegua eta jarduera mantentzeko 1,6 milioiko diru-laguntzen ordainketa abuztuan egitea aurreikusten duela. 500 eskaera jaso ditu, eta Gipuzkoako turismo-sektoreko enpresa txiki eta ertainak, autonomoak eta mikroenpresak izango dira onuradunak: ostatuak –hotel-establezimenduak, turismo-apartamentuak, kanpinak, nekazaritza-turismoak, landetxeak eta aterpetxeak–; bitartekaritza-enpresak –bidaia-agentziak, erreserba-zentralak, operadoreak–; turismo aktiboko enpresak; eta turismo-gidak.

Halaber, Aldundiak sektorea "etorkizunean" ere babestuko duela gaineratu du, "turismoa industria eta sektore ekonomiko gisa egituratzeko eta suspertzea bizkortzeko" martxan jarri berri duen hub ekimenarekin. "Hub-ak lankidetza publiko-pribatua dinamizatuko du, kalitatezko enplegua sortuko duten, Gipuzkoa erreferente gisa kokatuko duten, eta lurraldera ekimen eta proiektu berriak erakarriko dituzten dituzten enpresa berritzaile berrien garapena sustatzeko ".

noticias de noticiasdegipuzkoa