Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza emango die 34 enpresa txiki eta ertanei, kanpo merkatura zabal daitezen haien nazioartekotze programaren bitartez. Laguntza honen helburuak bi dira: lehenik eta behin nazioarteko merkatuan produktu berriak komertzializatzea eta merkaturatzea bultzatuko da, eta beste alde batetik partaidetza handiko filialak sortzea, handitzea edo eskuratzea bultzatuko da. Aldundiak 850.873 euro emango ditu, bi ildo nagusitan: 750.873 euroko laguntza emango du 33 enpresak produktu berriak nazioartean merkaturatu ditzaten, eta kanpoko ezarpen proiektu bati 100.000 euro bideratuko dizkio. Horrela, pasa den urtean baino 2 proiektu gehiago sustatuko dira.

Enpresa txiki eta ertainei soilik zuzendutako lehen ildoaren kasuan, diruz lagunduko dira: produktu berriak atzerrian merkaturatzeko kanpoan kontratatutako lanak eta zerbitzuak, hala nola aholkularitza eta prestakuntza nazioartekotzean, marketinean eta merkaturatzean, edo patente eskaerak, marka erregistroak eta izen komertzialak. Enpresa bakoitzak gehienez ere bi herrialde hauta ditzake produktu berrirako, eta proiektuen balorazioan kontuan hartuko dira Eusko Jaurlaritzaren Enpresak Nazioartekotzeko Plan Estrategikoak ezarritako lehentasunezko merkatuak.

Hala, proiektu gehienak zuzentzen zaizkie lehentasun handieneko kategorian sartutako 5 herrialdeetatik 4ri: AEB (13), Alemania (11), Mexiko (9) eta Txina (2); 2. lehentasun kategorian, Errusiari (2 proiektu); eta 3. lehentasun kategorian, Kolonbiari (4 proiektu). Hauek dira gainerako helmugako herrialdeak: Italia (6), Erresuma Batua (4), Frantzia (3), Txile (2), eta Dominikar Errepublika, Suitza, Filipinak eta Pakistan, bana. Laguntza jaso duten enpresen profila dibertsitateagatik nabarmentzen da. Enpresa mota hauek daude: industrialak (Lazpiur, Ulma, Talleres Saspi, Talleres Myl, Cometel€); IKT enpresak (Alcad, Zitu, Dinycon€); biozientzietakoak edo osasunekoak (Irisbond, ViveBiotech, Iline Microsystems, NGS Health€); edo beste eremu batzuetakoak, hala nola altzariak, elikadura, industria sortzaileak edo ekonomia zirkularra. Horietako 26k maila teknologiko ertaina/altua edo altua dute. 19 txikiak dira, 11 ertainak, eta 4 mikroenpresak. Lurraldeko 9 eskualdetatik datoz, eta batez beste ekoizpenaren % 36,46 esportatzen dute.

Bigarren laguntza ildoari dagokionez, babestu egingo dira Gipuzkoako enpresek filialak sortzera, handitzera edo eskuratzera bideratzen dituzten baliabide iraunkorretarako ekarpenak, edozein herrialdetan -enpresa txikien kasuan-, eta EBtik kanpo -enpresa ertainen eta handien kasuan-. Aurtengo deialdian, Hernaniko Selak enpresak laguntza eman du Txinako enpresa baten partaidetzak eskuratzeko. Selak enpresaren jarduera nagusia igogailuaren sektorerako profil bereziak ijeztea da, eta jarduera horrekin merkatu horretako hornitzaile nagusi gisa duen posizioa sendotu nahi du.

Deialdi horretaz gain, Aldundiak beste ekimen batzuk gauzatzen ditu Gipuzkoako enpresen nazioarteko presentzia indartzeko, hala nola Nebts programa, start upak nazioartekotzeko; Lagundex programa, ETEen nazioartekotzea laguntzeko; Gipuzkoa Zabaltzen programa, merkatuak dibertsifikatzeko, zeina Gipuzkoako Merkataritza Ganberarekin batera garatzen baitu; edo 2016an Elkargirekin batera aktibatutako finantza tresna. Elkargik Gipuzkoako ETEen nazioartekotzea babesten du, abalak emanez.

Jabier Larrañagak, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko diputatuak, nabarmendu duenez, «Gipuzkoan ekonomia aurreratua eta nazioartekotua dugu, eta indar lehiakor hori sustatu behar dugu. 2008ko krisiak estatuari eragin zion batez ere, baina atzerrira irekitzeko ahaleginak ahalbidetu zuen krisiari hobeto aurre egitea, eta ez dago zalantzarik kanpoko presentzia sendotzea eta handitzea funtsezkoa izango dela pandemiaren aurrean suspertze ekonomikoa bizkortzeko. Nazioartekotzea funtsezko palanka bat da egungo jarduera eta enplegua kontsolidatzeko, eta negozio aukera berriak nahiz kalitatezko enplegua sortzeko. Lurralde esportatzailea izan ginen eta gara, eta hala izaten jarraitzeko oinarriak finkatu behar ditugu».

Esportazioen balorazioa

Ildo horretan, diputatuak positibotzat jo ditu joan den maiatzeko lurraldeko eta EAEko kanpo-merkataritzari buruzko datuak, Eustatek gaur ezagutarazi dituenak. "Gipuzkoako esportazioak % 29,7 hazi ziren hilabete horretan, aurreko urtearekin alderatuta, eta % 15,4 urteko lehen bost hilabeteetako metatuan. Baina krisi aurreko egoera erreferentziatzat hartuz gero, aurtengo esportazioen metatua 2018koaren parekoa da ia, eta ordukoa oso urte ekonomiko ona izan zen. Horrek esan nahi du susperraldia indarra hartzen ari dela, konfiantzazko testuinguru batek lagunduta eta batez ere Europako merkatuen babesarekin. Eta pandemiaren aurreko mailetatik gero eta gertuago gaudela ", azaldu du.

Gaineratu duenez, lurraldeko arantzel-sekzio nagusi guztiak hazten ari dira, bi izan ezik, eta "makina-erremintari, metalari edo garraioari lotutako industria bezalako funtsezko sektoreek eutsi egin diote krisiaren aurrean, eta trakzio-eragin oso positiboa izaten jarraitzen dute gure ekonomian", baina "zuhurtzia mantentzeko" eta "gure jarduera ekonomikoa indartzeko lanean jarraitzeko" eskatu du, "susperraldi hori sektore guztietara eta pertsona guztiengana irits dadin".