- EAJ taldeak asteburuetan gertatzen diren jokabide arduragabeak saihesteko erabaki sendoak hartu ditzala eskatu zion udal Gobernuari. Asteburuetan pertsona talde handiak pilatzen dira herriko hainbat txokotan alkohola edateko, hain zuzen ere.

"Asteburuz asteburu gauzak okertuz joan dira eta Udalak ez du ezer egin gertakari larriak iritsi diren arte", adierazi dute jeltzaleek komunikabideetara bidalitako ohar batean. "Ez dira behar diren baliabideak jarri Udaltzaingoak bere lana baldintza egokietan egin ahal izateko, eraso pertsonalak ere jasan behar izan dituzte Udalaren babes sendorik gabe eta Ertzaintzaren laguntza behar izan dutenean agintean dagoen alderdia istilu-sortzaileen alde jarri da", gaineratu dute.

"Oiartzungo EAJk bere konpromisua eta babesa adierazi nahi die oiartzuar guztiei. Aldi berean, Gobernuari dei egiten diogu behingoz bere erantzukizunari aurre egiteko egoera tamalgarri hauek errepika ez daitezen", amaitu dute jeltzaleek bere idatzia.

Bestalde, lehengo astean, udal Gobernuak eskutitz bat kaleratu zuen herritarrek jarrera arduratsuak izateko eskatuz. Beharrezkoa bada Udaltzainak kaleetan jarriko dituela esan zuen, baina bidea heziketa eta errespetu kolektiboa izan behar dutela onetsi zuen.

Bi taldeak ados dauden puntuetan dira gazteak ez dituztela kriminalizatu behar eta gehien-gehiengoa neurriak betetzen dituztela.