Síguenos en redes sociales:

Kaleko katuen bizimodua hobetzeko egitasmoa jarri du abian Beasainek

Kaleko katuen bizimodua hobetzeko egitasmoa jarri du abian Beasainek

Kaleko katuak harrapatzea, antzutzea eta askatzea edo haien bizitokira itzultzea helburu duen ekimena abiatu dute Beasaingo Udalak, Lau Katu Beasain elkartearekin lankidetzan. Horrela, animalien bizimodua eta beharrak errespetatzen dira, baina ez dira ugaltzen. Halako ekin-tzak "garrantzitsu eta beharrezkoak" direla nabarmendu dute Udaletik, "animalien abandonua eta sufrimendua saihesteko". Baina ez hori bakarrik, herritarrengan ere jarri dute begirada: "Herriko animalien eta beasaindarren arteko bizikidetza hobetzeko garrantzitsua da neurri hauek hartzea".

Lehenengo saiakera hau Errekarte inguruan egiten ari da. "Kontroletik kanpo zegoen kolonia bat atzeman zen. Auzoan arazoak eta kalteak sortzen zituen, eta horrek arriskuan jartzen zuen katuen ongizatea", gehitu dute. Herritarrek Udalari jakinarazi zizkioten katu-kolonia horren ondorioz antzeman zituzten garbitasun arazoak, batez ere, katuek garajeetara sartzeko eremuan uzten zituzten gorotzengatik.

Hala, Beasaingo Lau Katu elkarteko kideek hainbat kontsulta egin zituzten auzokideen artean, egoerari buruzko diagnostikoa ezagutzeko, HEI ekimenaren onurei buruzko informazioa emateko eta laguntza eskatuz.

"Otsailean, programa abiarazteko bilera bat egin zen Errekarteko bizilagunekin, elkarteko boluntarioekin eta Udal Gobernuko arduradunekin", zehaztu dute. Hala, katu-kolonien populazioaren kontrola izateko, bertako katu bakoitza esterilizatzen ari dira, ugaltzeko aukerak murriztuz.

Maiatzean jarraituko du ekimenak. Orduan, auzotarrei kontsulta egingo zaie ekimenarekiko duten asebetetze-maila ezagutzeko: irakurketa positiboa bada, Udalaren asmoa ekimena udalerriko gainerako kolonietara zabaltzea da.

Bestalde, gogorarazi dute "katuak kontrolik gabe elikatzea" ere arazoa dela egun, eta arriskutsua dela janaria ematea katuei, batez ere, hezurrak, patologiak sor ditzaketelako. Lau Katu Beasain Elkarteak esan du, egokiena pentsu lehorra ematea dela, katuen higiene eta osasunagatik.