ezkio - Aurtengo Aste Santuan %25 igo da Igartubeiti baserri museora hurbildu diren pertsone kopurua duela bi urteko zenbakiekin alderatuta eta normala denez, arduradunak oso gustura ageri dira.

2019an askatasun osoz mugi gintezkeen, 2020ko Aste Santua etxean konfinatuta eman genuen eta aurten, berriz, Euskal Autonomia Erkidego mailan bakarrik mugitu ahal izan gara. Aste Santua Gipuzkoan pasa duten bizkaitar eta arabar askok eta txangoak egin dituzten gipuzkoar, bizkaitar eta arabar askok Igartubeiti baserria bisita-tzea erabaki dute. Hala, datuak duela bi urtekoak baino askoz hobeak izan dira.

Igartubeiti baserri museoak %25 egin du gora 2019ko datuekin alderatuta. Agerian gelditu da gure artean landa inguruneetara joateko joera dagoela. Museoak Aste Santurako prestatu duen eskaintzak jendearen erantzun "oso ona" jaso du. Izan ere, Ezkioko museora joan diren pertsonen erdiek parte hartu dute antolatutako jardueretako batean. Familia askok gozatu dute ginkanarekin, Martintxoren pista jokoarekin eta bisita gidatuekin.

Igartubeiti baserri museoa bisitatu duten pertsona gehienak Gipuzkoatik etorri dira (%55, hain zuzen ere), %35 Bizkaitik etorri dira (2019an baino askoz ere gehiago) eta %10 Arabatik.