Zarautzek eta Oñatik biodibertsitatean egiten dute bat. “Oñatiko Natur Eskolatik konturatu ginen herritarrok ez geneukala gure artean gertutasunean bizi diren izaki bizidunen inguruko jakituria handirik”, azaldu du Idoia Bollarrek, Oñatiko Natur elkarteko kideetako batek. Esaterako, “saguzarrak, sorbeltzak, enarak, txantxikuak, urubiak eta hontz zuriak. Intsektu eta sagu-arratoi jaleak, gure etxe inguruak garbi mantentzen dituzten herrikide leialak... Zerrenda luzea da. Bakoitza bere bizi beharrekin, bere beharrezko iluntasun, argitasun, egonleku, gordeleku eta kumalekuekin bizi da, nahiz eta guk ez identifikatu”, zehaztu du elkarteko kideak.
Hala, erdiguneko biodibertsitatea ezagutarazteko helburuarekin Hiri biodibertsitatea erakusketa sortu zuten pasa den urtean, Oñatin. Horietako espezie asko, ordea, Zarauzko herrian errepikatu egiten dira. Hori dela eta, Zarautzera ekarri dute oraingoan oñatiarrek ekoiztutako erakusketa. “Etxetik lehen aldiz atera da lagin hau. Zarauzko Arkamurka elkartearekin oso harreman ona daukagu eta, beraien eta bertako Udalaren bitartez lortu dugu kostaldera ekartzea”, adierazi du Bollarrek.
Oñatiko eta Zarauzko hiri barruko biodibertsitatea, funtsean oso “antzekoak” diren arren, badu bere berezitasuna azken honek. “Oñatiko izaki bizidunak Zarauzko biztanle badiren arren, kontuan hartu behar dugu Zarautzek bere bereizgarriak dituela itsasoa dela eta. Beraz, erakustaldian itsas er-tzeko eta hezeguneetako herrikideak falta zitzaizkigun zarauztarrei gertutasuna adierazteko”, argitu du Bollarrek. “Hutsune” hori betetzeko asmoz, Zarauzko Arkamurka Natur Elkarteak erakusketako azken aretoa atondu du, Iñurritza biotopoa ardatz.
Espezie ezberdinen katalogo bat egin dute lehendabizi eta ondoren, eremu bakoitzean eszenatokiak atondu dituzte. Izan ere, hiru zatitan banatu dute herriguneko biodibertsitatea eta horregatik, erakusketa ere hala sailkatu nahi izan dute: hasteko, eremu grisean azpiegituretan, kale eta etxe eraikinetan bizi diren animaliak ikusi daitezke. Gune berdean, lorategi, parke, kaleetako zuhaitzetan... daudenak zehazten dira eta azkenik, eremu urdinean, erreka eta hezeguneak hartu dira kontuan.
Erakusketamartxoaren 21era bitartean izango da zabalik, egunero, 18.00etatik 20.00etara, Sanz Eneako aretoan. Horrez gain, Arkamurka Natur Elkarteak bisita gidatuak eskainiko ditu, 18.30ean, datozen egunetan: otsailak 26, martxoak 5, martxoak 12 eta martxoak 18. Hauetan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da 943 005 120 telefono zenbakira deituta. Izan ere, pandemiako neurriak betetze aldera, kopurua mugatua izango dute.