Mondragon Unibertsitateko Goierri Campuseko mekanikako lehen mailako ikasleek jostailu ekologikoak diseinatu dituzte ikasturteko lehen seihilekoan jostailuen merkatuak eskatzen dituen behar berriei erantzuteko. Talde guztiek honako irizpideak jarraitu behar izan dituzte, nahiz eta bakoitzak bere ukitua eman diot proiektuari: 4 eta 6 urte arteko haurrentzat izatea, jostailu mugikor bat izatea baina bihurdurako malguki baten energia erabiltzen duena, eta material birziklatuekin fabrikatuta egotea.

Errealitateari zor, jostailuak fabrikatzen dituen enpresa txiki batek egindako eskariari erantzuna ematen ziotela simulatu dute; azken finean, nahiz eta ariketa praktikoak izan, lan munduan dauden beharretara egokitu behar dira ikasleak. Guztira, 7 proiektu aurkeztu dituzte eta hilabeteko epea izan dute proiektua osorik garatu ahal izateko; jostailua diseinatzeaz gain, prototipoa ere fabrikatu behar izan dute.

Maialen Rancho ikasleak azaldu du proiektuak zein irizpide bete behar izan dituen: “irakasleek, jostailuaren prototipoa egiteko erabilitako materiala, material horrek ingurumenean duen inpaktua, jostailuaren diseinua eta erabilitako energiaren efizientzia baloratu dituzte”.

Azken atal horrek eman dizkie ikasleei buruhauste gehien. Hala gehitu du Mikel Zabaleta ikasleak: “Kalkulu matematikoak, fisika eta informatika uztartu behar izan ditugu jostailuak derrigor izan behar zuen malgukiaren eraginkortasuna ahalik eta handiena izan zedin. Kalkulu horiek nola egin ikasi dugu, baina teoriatik praktikara saltoa dago”. Bi ikasleen iritziz “oso aberasgarria da” gelan teorian ikasitakoa praktikan jarri ahal izatea, lan munduan aurkitu ditzaketen arazo edo erronkak planteatzen direlako.

ERRONKARI, ERANTZUNA

Goierriko Campuseko ikasleek erronka bati erantzun behar izaten diote unibertsitate graduko lehen, bigarren eta hirugarren mailan. Urtero errepikatzen den dinamika izaten da, izan ere, fruituak ematen ditu: “Erronka horri erantzuteak hainbat helbururi erantzuten die: taldean lan egitean ikastea, eskola teorikoetan ikasitakoa praktikan jartzea, zailtasunei aurre egiten ikasten trebatzea eta etorkizuneko ibilbide profesionalerako prestatzen joatea”, azaldu du Jose Ignacio Vicente koordinatzaileak.