- Egitasmoaren bultzatzaileak “oso eskertuta” daude Death Cafe saioek izandako harrera eta bilakaerarekin eta dagoeneko beste lau hitzordu antolatu dituzte hilaren amaierarako eta otsailaren hasierarako.
2018. urtean “heriotzaz hitz egitearen garrantzia eta beharra aldarrikatzeko“ martxan jarri ziren Azpeitiko Death Cafe saioek bigarren urteurrena bete zuten abenduan eta hori ospatzeko hainbat ekitaldi prestatu dituzte sustatzaileek datozen asteetarako herrian, Almaur elkartearen babesean.
Edonola ere, Azpeitiko Death Cafe saioen bigarren urteurrenaren harira prestatutako egitaraua abiatzeko Dolubidetik bizitzara hitzaldia egongo da hilaren 28an Azoka Plazaren goiko aretoan (18.00etan).
Otsailaren 2an, berriz, Azpeitiko Death Cafearen 11. saioa egingo dute Basazabal jauregian (18.00etan) eta otsailaren 5ean Madrilen zainketa aringarrietan lan egiten duen Carlos Agulloren Los demás días dokumentala ikusteko eta horren bueltan eztabaidatzeko aukera egongo da (19.00etan) Soreasun. Azkenik, Uztaro haurreskolako antolatzaileekin bat egin dute Death Cafekoek Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Amaren intxaurrak ikuskizuna otsailaren 6an Soreasun aurkezteko (sarrerak agortuta daude). Gainerako ekitaldietarako aurrez eman behar da izena, 627 117 819 telefonora deituz edo Whatsapp bidaliz.