- Duela hiru urte abiatu zen baratze publikoen egitasmoa Beasainen, Udala Kutxa fundazioaren Ekogunearekin eta Caritas Sarearekin elkarlanean. Orain berriz ere izen-ematea zabaldu dute; izan ere, erabiltzaile batzuk hiru urte daramatzate baratza hauetan eta hori da gehienezko epea. Apunta-tzen direnen artean zozketa egingo da, nori tokatzen zaion baratza jakiteko.
Gauzak horrela, 16 partzela egongo dira eskuragarri, guztiak 30 metro karratukoak. Abenduaren 4a da eskaerak egiteko azken eguna, eta horretarako ezinbestekoa da Beasainen erroldatuta egotea orain bi urtetik. Horrez gain, interesdunek eskaera inprimakiak bete eta horiek iGunean, Udal informazio bulegoan, edo erregistro elektroniko bidez aurkeztu behar dira.
Behin izen-emate epea amaituta eta eskaera guztiak jasota, Udalak onartu eta baztertuen zerrenda argitaratuko du, eta ondoren bost eguneko epea zabalduko du erreklamazioak egiteko. Horren ostean, onartu eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda osatuko da, eta hala zozketa egingo da.
Beasaingo baratze parkea Gudugarreta auzoko Ubiotz eremuan dago kokatua, Estanda lantegiaren atzealdean erreka bazterrean. Orotara, 57 lursailetan banatua dago eta guztiek neurri bera dute, 30 metro karratukoa.
Sarea fundazioak 15 lursail kudea-tzen ditu helburu sozialei lotuta, eta gainontzeko 42ak herritarrentzat daude zuzenduta. Horietatik bederatzi, egoera sozial ahulean dauden pertsonak erabiltzen dituzte. Langabezian dauden pertsonentzat funtzio okupazionala betetzen du baratze parkeak, eta horrez gain, norberaren barazkiak modu ekologikoan egiteko aukera eskaintzen die partaideei. Aisialdi aktiborako topagunea ere bada gune berdea, hainbat giza talderen arteko elkarbizitza eta harremana bultzatzen duena.