- Gaurko egunez duela 60 urte, Zumaiako zazpi gazte Begoña zamaontzia brankatik nola ateratzen zen begira ari ziren bitartean, olatu handi batek kai muturra jo eta itsasora bota zituen. 12 eta 15 urte bitartean zituzten guztiek, eta horietako bakarra salbatu ahal izan zuten. Gertaera tragiko hori ez dute inoiz ahaztu zumaiarrek. Hainbat herritarrek Junta de Salvamento 15 de noviembre sortu zuten, ondoren Gurutze Gorrian sartu zena.

60. urteurrenaren harira, Zumaiako Udalak gertakizuna gogorarazi nahi izan du eta hainbat oroimen ekitaldi egingo ditu.

Parolbideko mosaikoa zaharberrizen ari da Rakel Nacenta zumaiarra, eta plaka berri bat ere jarri zuten ostiralean, istripuan hildako gazteen izen guztiekin eta garai hartan Baserri bertsolariak egindako kopletako batekin.

Bestalde Azaroak 15, itsasoak utzia ikus-entzunezkoa egin du Zumaiako Udalak. Gaur estreinatuko da, Aita Mari zinean. Ekitaldi itxia izango da, eta bertan izango dira 1960an senide eta lagunak galdu zituzten zumaiarrak. Gainontzeko herritarrek, hilaren 22ra arte itxaron beharko dute proiekzioa ikusteko, bigarren emanaldia orduan egingo baita, eguerdiko 13.00etan. Ekitaldirako gonbidapenak datorren asteartetik aurrera egongo dira eskuragarri turismo bulegoan. Azaroaren 23tik aurrera, berriz, Baleiken eta Erlo telebistan ikusi ahal izango da.

Dokumentala Iñaki Agirrezabalaga zumaiarrak zuzendu du eta Bittor Zubizarreta, Javier Carballo, Rudy Holke, Jesus Mari Arano, Iñaki Zorita, Natividad Urbieta eta Ixiar eta Francisca Martija elkarrizketatu dituzte, gertaera horren sortu zizkien bizipenen inguruan.