- Hilabete honen hasieratik, normaltasun berrirako bidea hartu du Antzizar kiroldegiak eta dagoeneko zerbitzu guztiak martxan ditu, baina pausoka zabaldu dira eremuak: ekainaren 15ean zabaldu ziren Fitness eremua, igerileku klimatizatuak, estaligabeko igerilekuak, frontoia eta arku tiroketa aretoa. Ordutik, gainera, fittness eta igerileku klimatizatuko erabiltzaileek aldagelak eta dutxak ere erabilgarri izan dituzte. beti ere segurtasun distantzia mantenduz, izan ere, eremu bakoitzak aldagela bereiztuak ditu.

Noski, pandemiak bere eraginak ikusgai utzi ditu, hala nola, espazioetako aforo mugatua, aldez aurretik hitzordua hartzea, higienea eta distantzia mantentzea, eta babes neurriak barruko ibilbideetan ezartzea.

Egoera berri honen aurrean erabiltzaileen portaera ona izan dela jakinarazi dute Kiroldegitik: "Orokorrean, erabiltzaile guztien portaera txalogarria izaten ari da kiroldegiko langileen alde eginez eta beren zereginak erraztuz". Bi aldeetako lanketa, dudarik gabe, beharrezkoa izango da aurrerantzean ere, izan ere, normaltasuna poliki-poliki ezartzen ari da eta guztiok ohitu behar gara egunerokotasun horretara.

Eguraldi ona egun hauetan nagusi da eta datozenetan ere hala izango dela dirudi. Horren ondorioz kanpoko igerilekua erabiltzeko eskaerak gora egiten du eta aforoak leuntzeko eta erabilera pertsona gehiagori irekitzeko, hiru txanda daude indarrean, astelehenetik ostiralera: 11.30-14.00, 14.15-17.15 eta 17.30-20.30. Larunbat eta igandeetako txandak hauek dira: 11.30-14.00, 14.15-17.00 eta 17.15-20.00.