- Goierri kirol elkartearen pilota eskolak 2020-2021 denboraldirako izen-emate deialdia egin du aurtengo denboraldia amaitutzat eman ondoren.

Goierriren pilota sailaren blogean eman behar da izena. Bertan, pilotariaren eta guraso edota tutorearen datuak eman behar dira. Blogean eman beharreko pausoak eta pilota eskolaren inguruko informazio zabala aurkitu daiteke: goierripilota.blogspot.com

Denboraldia urrian hasi eta datorren urteko ekainean bukatuko da. Izen-ematea irailaren amaiera arte irekita egongo den arren, uztailaren 15a baino lehen egitea eskertuko dute. Izan ere, hala denboraldi berria prestatzen hasi ahal izango dira. Dena den, irailean oraindik izena emateko aukera egongo da.

2019-2020 denboraldian Urretxu eta Zumarragako 60 neska-mutil inguruk parte hartu dute Goierri kirol elkartearen pilota eskolan. Bakoitzak bere mailan, txapelketa desberdinetan parte hartu dute: Urretxuko Gabon Kopa, Ezkioko txapelketa, Gipuzkoako Federazioak antolatutako herrialde mailako txapelketak, beste herrialde batzuetan jokatutakoak (Sopela, Lizarra, Malerreka, Baztan...)...

Martxoan, koronabirusa dela eta, pilota eskolak bere jarduna eten zuen. Ordutik, ezin izan dute entrenatu eta abian zeuden edota hastekoak ziren hainbat txapelketa bertan behera geratu dira. Horien artean daude Ezkio, Legazpi eta Zumarragakoak, Gipuzkoako Errendimendu eta Udaberri txapelketak eta Baztan, Leintz-Gatzaga, Zaramaga eta Zizurrekoak.

Koronabirusa azaldu ez balitz, egunotan Urretxuko San Joan txapelketako azken partidez gozatzen arituko ginateke, baina ezinezkoa izan da. Antolatzaileek txapelketa beste data batean antolatzeari ekin diote eta, beraz, San Joan txapelketaren hurrengo edizioa 2021ean izango da.