Síguenos en redes sociales:

Irene Paredes, Mikel Mujika eta Ane Encinarekin solasaldia

Legazpiko hiru kirolari hauen hitzaldia Lekanazpi elkartean izango da, datorren asteazkenean

Irene Paredes, Mikel Mujika eta Ane Encinarekin solasaldia

- Lekanazpi elkarteak Legazpiko hiru kirolarirekin solasaldia antolatu du datorren asteazkenerako. Mahainguruan Irene Paredes futbolariak, Mikel Mujika txirrindulariak eta Ane Encina eskubaloi jokalariak parte hartuko dute. Moderatzaile lana Aitor Alberdik egingo du. Ekitaldia 19.00etan izango da, Lekanazpi elkartean. Aforoa mugatua izango denez, parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute.

Paredesek Ilintxa taldean eman zituen lehen pausoak. Ondoren, Zarautzen, Realean eta Athleticen jokatu zuen. Egun, Paris-Saint-Germain taldeko jokalaria da eta Espainiako selekzioarekin ere jokatzen du. Munduko zentral onenen artean dago.

Mujika maila ona ematen ari da 23 urte azpikoen artean. Hainbat lasterketa irabazi ditu eta Legazpiko Santikutz proban postu onak lortu ditu. Aurten Caja Rural taldearekin ari da.

Encinari dagokionez, Bera Bera taldean aritu zen eta egun Barakaldoko Zuazon jokatzen du, emakumezkoen Ohorezko Mailan.

Aipatu bezala, solasaldia Aitor Alberdik gidatuko du. Legazpin bizi den zumarragar hau Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroko eta Basque Team fundazioko kirol teknikaria da.

Legazpiko hiru kirolariek beraien lehen pausoez, kirol ibilbideaz eta azken hilabete hauetaz hitz egingo dute, besteak beste. Lekanazpi elkarteko solasaldia euskaraz izango da eta ordu eta erdiko iraupena izango du.

Plaza kopurua mugatua izango da. Hori dela eta, hitzaldiaz gozatu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute. Horretarako, ondorengo lotura erabili behar da: https://labur.eus/b4MCq. Bestalde, entzule guztiek beraien maskara eraman beharko dute.