- Hirugarren sektoreak erronka handia du aurrerantzean. Astelehenetik aurrera asko izango dira haien komertzioen ateak zabalduko dituztenak, baina badakite salmentetan jaitsiera egongo dela, eta haien gastuak ez direla jaitsiko.

Beasainen kasuan, bat egin dute merkatari, ostalari eta zerbitzuetako guztiek. "Uste dut lehenengo aldiz sektoreak bat egin dugula, inoiz ez bezala", nabarmendu du Maialen Olano Migdala arropa dendako jabeak. Badakite garai zailak etorriko direla, baina indartuta egingo dutela aurrera, elkarri laguntzen.

Hain zuzen ere, bihar indarrak batuko dituzte eta Denon artean Beasain argituko dugu kanpaina abiatuko dute, non ia 200 komer-tziok bat egin duten ekimenarekin. Hauxe du jarduna: erosketak jasotzea behar gehien duten beasaindarrei emateko. Hain zuzen ere, Gurutze Goierriak hartuko du ardura erosketak banatzeko beharra dutenen artean. Elikagaien eta higiene pertsonaleko produktuen beharra da handiena, baina bestelako materialak ere ongi etorriak izango dira.

Bilketa bihar egingo dute, goizeko 9.00etatik 13.00etara, saltoki handien atarietan. Antolatzaileek "arduraz" jokatzeko eskatu die herritarrei, izan ere, ez da ahaztu behar alarma egoerak bere horretan jarraitzen duela eta garrantzitsua dela segurtasun neurri guztiak mantentzea unero.

Ekimen honekin beasaindar komertzioek laguntza emango diete beharra dutenei, izan ere, ondo dakite ondoren ere herritarren beharra beharko dutela haiek ere aurrera atera ahal izateko. Hainbat alorreko komertzio eta ostalariek haien alea jarri dute biharko janari bilketan, ondoren haiek ere fruitua jaso eta herritarrek Beasainen erosketak egiteko hautua egin dezaten, elkarri lagunduz eta Beasain argituz.