- Osasun Ministerioak igandean argitaratu zuen aginduaren arabera, hainbat neurri malgutu dira eta aurrez hitzordua hartzea ahalbidetzen duten hainbat zerbitzu berrezarri ahal izan dira aste honen hasieratik.
Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, arau horrek Plaza Ondo jubilatuen elkarteko egoitzan ematen diren ile-apaindegi eta podologia zerbitzuei eta Elkarguneko fisioterapia zerbitzuari eragiten die. Beraz, herritarrek dagoeneko erabil ditzakete zerbitzu horiek, beti ere, "aurrez telefonoz hitzordua hartuta".
Aipatutako zerbitzu horietan kontaktu fisikoa halabeharrezkoa denez, "langileak babestuta aritu beharko dira eta derrigorrezkoa dute maskara erabiltzea". Era berean "maskarak eta eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoak ipini beharko dituzte bezeroen esku".
Aste honetatik maskara eramatea derrigorrezkoa da Urbanue izenarekin ezagutzen den Azkoitiko herri barruko autobusa erabiltzeko.
Udaletik azaldu dutenez, "herri barruko garraioaren erabiltzaileek maskara eraman beharko dute autobusera igo ahal izateko eta autobusek duten ahalmenaren %50era funtzionatuko dute". Hori dela eta, "eserlekuen erdiak okupatu ahalko dira eta zutik, metro karratu bakoi-tzeko bi lagun joan ahalko dira".
Bestalde, herritarrek dagoeneko egin ditzakete kontsulta presentzialak Udal Artxiboan baina horretarako "aurrez hitzordua hartu behar dute". Artxiboan gel hidroalkoholikoa eta eskularruak egokitu dituzte eta erabilitako dokumentuak berrogeialdian egon beharko dute hamar egunez.