- Zarauzko ZarautzOn elkarteak ere moldatu egin behar izan du COVID-19ak eragindako egoerara. Bihar, izatez, kuantikaren iraultzari buruzko hitzaldia zuten aurreikusita, baina beraien helburua "pil-pilean eta herritarrei interesatzen zaizkien gaiak" eskain-tzea denez, Solasaldiak koronabirus garaian ekimena antolatu dute.
Pandemia honek sortutako egoera izango dute hizpide Juanjo Alvarez abokatua eta Nazioarteko Zuzenbidean Katedradunak eta Felix Zubia Donostiako Ospitaleko ZIUko sendagileak. COVID-19: Ongizatea eta demokrazia estatuari eraso? galderari erantzuten saiatuko dira. Izan ere, koronabirusaren pandemiarekin bizi dugun egoeran "askatasuna eta segurtasuna binomioan dugun oreka haustea dakar", Zarau-tzOnen ustez.
Ezarritako legeak betez, hitzordua ez da Antoniano aretoan izango. Horren ordez, elkarteak sarean dituen kontuen bidez jarraitzeko aukera izango da. Horretarako, zarautzon.nirestream.com eta youtu.be/iDhsTaGL8P0 helbideetara jo beharko da. Hitzaldiak bi orduko iraupena izango du, 18.30etik 20.30era, eta jarraitzaileek zuzenean parte hartzeko aukera izango dute.
Zumaian ere etxean egoteko agindua arintzeko asmoz, Barrutik kultur egitasmoa sortu dute Udalak eta herriko hainbat eragilek. Antolatutako lehenengo ekintza, argazki lehiaketa izan da. Udaletik jakinarazi dutenez, makina bat herritarrek bidali dituzte etxean eta etxetik ateratako argazkiak; guztira, 150 argazki inguru aurkeztu dituzte zumaiarrek.
Arrakasta ikusita, ekimenari jarraipena ematea erabaki dute eta literaturari lotutako bigarren jarduera bat aurkeztu dute.
Ekimen honetan ipuin, olerki edo bertso sorta bat idatzi eta Udaleko Euskara zerbitzura (euskara@zumaia.eus) bidaltzeko gonbidapena egin diete zumaiarrei.
Gehienez ere bi orrialdeko luzera izan beharko dute lanek eta derrigorrezkoa izango da euskaraz idaztea. Lehiaketan parte hartzeko beste betebeharretako bat barrutik hitza azaltzea da. Parte-hartzaile bakoi-tzak gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu eta obrekin batera egilearen izen-abizenak eta adina bidali beharko dira.
Lan guztiak zumaia.eus webgunean eta Udalaren sare sozialetan argitaratuko dituzte, herritar guztiek literaturaz gozatu dezaten.
Apirilaren 26ra bitartean bidalitako lan guztien artean bi sari zozkatuko dituzte: alde batetik, 16 urte bitarteko gazteentzat Gertu elkarteko dendetan gastatzeko bale bat eta bestetik, 16 urtetik gorakoentzat, Gertu elkarteko jatetxe batean afaria.