- Legorretako Udalak, segurtasuna ildo hartuta aurtengo Azintzio jaien antolaketa bertan behera uztea erabaki du. "Lehentasuna eta esfortzua koronabirusak eragindako egoerari aurre egitean oinarritzen da azken asteotan; egunez egun, COVID-19aren inguruko erabaki eta neurriak hartzeak du lehentasuna Udal ordezkarien eta udal langileen jardunean. Besteak beste, udalaren helburuak, beraz, herritar ororen osasun-segurtasuna bermatzea eta birusaren hedapena mugatzea dira momentu honetan", azaldu dute.
Hemendik hilabete eskasera ziren ospatzekoak Legorretako festak, maiatzaren 20tik 24ra, hain zuzen ere. Orduan zein egoeratan egongo garen ez dakigun arren, alarma egoerak eragin zuzena du Azin-tzioen antolaketa prozesuan, eta oraingoz bertan behera gelditu dira. "Aurrerago, eta COVID-19aren bilakaera ikusita eta aztertuta, hartuko dira aurtengo jaien inguruko erabaki gehiago", gaineratu dute. Beraz, ez dago jakiterik azkenean zertan geldituko den, baina dirudienez aurten ez dira ospatuko, ez behintzat, ohiko egunetan. Hala ere, egoera hau amaitu eta hasteko aukera izan bezain laster, herritarrei deialdia bidaliko zaiela agertu dute, aurtengo jaien inguruko erabakiak hartzen joateko. Oraingoz zaila izango da maiatzean ospatzea eta data berria jarri beharko zaie.