San Isidro eguna bertan behera geratu da
Astigarragako Goldea elkarteak baserritarren omenaldia uda hasieran egiteko itxaropena agertu du
- Astigarragako Goldea elkarteak maiatzaren 15ean egitekoa zen baserritarren San Isidro jai eguna bertan behera uzteko erabakia hartu du. "Erabaki hau har-tzea ez zaigu erraza egin, baina osasun publikoko eta segurtasuneko baldintzak ez dira bermatzen egun horretarako", azaldu dute.
Erabaki hau hartzeko, Goldeak kontutan izan ditu Astigarragako Udalaren gomendioak, jai eguneko parte-hartzaileen eta laguntzaileen balorazioak eta herriko eragileen eta taldeen iritziak.
Gauzak horrela, eta baserritarren festa hori bere osotasunean gauzatu ahal izateko, ondorengo asteetan alarma egoerak izango duen bilakaeraren arabera, Goldea elkartekoek urteroko jai hau uda hasieran egiteko itxaropena jarri dute. "Honela, udaran herriko ordezkariekin, elkarteekin eta eragileekin koordinatuta, herriari bizia eman diezaiogun guztion artean", adierazi dute.
San Isidro egunean bi baserritarri omenaldia, baserriko produktuen azoka, idi-dema, bertsolariak eta bazkari herrikoia izaten dira, besteak beste.