- Udaberria iritsi da, eta gure mendi eta kale batzuk dago-eneko zuritu ditu bapatean iritsi den fronte hotzak. Nahiz eta tenperaturak asko jaitsi diren eta negu giroa berriz ere ia ezarri den, udaberriko arbolak hasi dira haien loreak erakusten.

Garai honekin batera hasten da udaberri eta udako festen usaina hartzen, jendea gogotsu izaten da herriko jaiak ospatu ahal izateko. Dudarik gabe, aurtengo egoera ez da ahazteko erraza izango, eta koronabirusaren ondorioak egunero dira nabarmenak. Lazkaoren kasuan, Udala eta beste hainbat elkartu murgilduta zeuden San Prudentzio jaiak antolatzen. Apirilaren amaieran ospatzen dira festak, eta atzo bertan Kepa Zubiarrain, Lazkaoko alkateak, azken orduko albistea jakinarazi zuen: San Prudentzio jaiak bertan behera utziko direla, koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz: "San Prudentzio jaiak, penaz, baina ezin izango ditugu ohiko datetan ospatu. Une honetan bertan behera utzi ditugu. Lehentasuna herritar ororen osasun-segurtasuna bermatzea da eta birusaren hedapena mugatzea. Horretarako aglomerazioak ekidin behar dira, eta jaiak ezin dira uztartu premisa horrekin".

Herrian somatzen zen albistea zen, izan ere, askok dagoeneko haien agendetatik kenduta zituzten festak, eta ez zuten espero ospatuko zirenik nahiz eta adierazpen ofizialik ez izan. Gainera, orain egun batzuk Lazkaoko Gazte Asanbladak ere adierazi zuen urtero antolatzen duten egitaraua ez zela egongo aurten, eta beraz, datorren urteko festetako antolatuko zituztela ekintzak.

Alarma egoeraren amaierari buruzko zalantzek ere bultzatu dute alkatea erabaki hau hartzera; izan ere, Espainiako Gobernuak oraingoz apirilaren 11ra arte luzatu duen arren, "ez dago oso argi noiz arte luzatuko diren krisiaren ondorioak, une gogorrenak gaindituta ere", gehitu du. Zubiarrainen hitzetan, ezjakina bada ere hemendik egun batzuetara zein egoeratan izango garen guztiok, zuhurtziaz eta arduraz jardun dutela nabarmendu du eta horregatik jaiak bertan behera uztea dela egokiena.

Alkateak adierazi zuenez, Udalak Jai Batzordearekin batera aztertuko du zein urrats jarraitu eta etorkizunean zein jardun egin, behin koronabirusaren pandemia gainditzean. Oraindik ere ez dute aurreratu ea beste dataren batean ospatu ahalko diren San Prudentzioak, edo 2020ko edizioa bertan behera geldituko den betiko.

Alkateak Jai Batzordearekin batera antolatuko du zein urrats jarraitu beharko diren, koronabirusaren pandemia gainditu ostean