Plaieroetako emakumezkoen ligak Maria Jauregi izena izango du
zarautz - Orain arte, gizonezkoen izena bakarrik eraman dute Hondartza Futboleko ligek: Juan Irigarai eta Emilio Olazabal, kasu. Era berean, txapelketako sariak ere mutilen izenez aitortu izan dira betidanik.
Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Zarauzko plaieroek "emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren bidean emandako pauso baten berri" eman zuten igandean ospatu zen jardunaldian: hemendik aurrera, emakumezkoen ligak Maria Jauregi Liga izena izango du.
Albiste honen berri emateko, argazkia atera zuten igandean Hondartza Futbolean jokatzen duten emakume guztiek. Jauregi ere bertan izan zen (banderola morea esku artean duela).
plaieroen alde txikitatik Jauregiri txikitatik gustatu izan zaio futbola, "etxeko terrazatik" hasi zen ana-arrebekin eta sei urte zituela, 1978an, beste pauso bat eman zuen. Plaieroetan jokatzen hasi zen: "Aukera eman ziguten plaierotan jokatzeko, baina nesken talde bakarra ginen gure adinean, eta lehen urtean mutilen kontra jokatu genuen hanka-hutsik. Hurrengo urtean, berriz, nesken liga jokatu genuen, eta horrela urtero, Ikastola bukatu arte", azaldu zuen Jauregik.
Hamalau urterekin futbolean federatu zen Orion, Zarautzen oraindik ez baitzegoen nesken talderik. Hiru urte pasa ondoren, Zarautzen nesken taldea atera zuten eta beste hiru urte pasa zituen bertan. Herriko taldetik, berriz, Añorgara joan zen. "Esperientzia oso polita izan zen, Espainiako liga bat eta Kopa irabazteko aukera izan nuen, eta Espainiako toki asko ezagutzeko ere bai", jakinarazi zuen. Gipuzkoako eta Euskadiko selekzioarekin ere ibili zen zarauztarra urte haietan.
Ama izan zenean utzi behar izan zuen futbola, baina 32 urterekin berriz hasi zen, "kuadrilakoek zirikatuta". Hala, "txikitako lagun ba-tzuekin plaieroetako taldea atera genuen berriz", gogoratu zuen. Hiru urte jarraian ibili zen lehian, eta horietatik bitan txapeldun izan zen bere taldearekin.
Jauregik esker hitzak eman nahi izan zizkien "urtez-urte plaieroak aurrera ateratzen ibiltzen diren pertsonei" eta era berean, ez zituen ahaztu nahi izan ikastola eta Orioko, Zarauzko eta Añorgako klubak "garai haietan ateak irekitzeagatik".