legazpi - Emakumearen Egunaren baitan, Legazpiko larogei emakumek Su tranpa liburua irakurriko dute datorren ostiralean, 10.00etatik 12.00etara, Chillida Lantoki museoan. Ekitaldia emakumeek lantegietan egin duen lana aldarrikatzeko eta irakurketa erraza ezagutzera emateko balioko du.

Antolatzaileak Legazpiko Udala, Legazpiko Garagunea eta Lenbur fundazioa dira. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza dute.

Aipatu bezala, elkarte, talde eta ikastetxe ezberdinetako 80 lagunek parte hartuko dute: liburutegiko irakurketa klubek, Domingo Agirre ikastetxeak, Haztegi ikastolak, Olazabal institutuak, Doinua musika eskolak, Buztintegi erretiratuen elkarteak, Nagusilanek, Iratzarri emakume elkarteak, udal euskaltegiak, Urola Garaiko Berdintasun arloak, Matraka talde feministak eta Euskadiko irakurketa erraza elkarteak.

Su tranpa liburua Nuria Martik idatzi zuen eta New Yorkeko Triangle lantegiko sutean oinarritua dago. Sute hartan 146 langile hil ziren, ia denak emakumezkoak. Gertaera haren ondoren, Emakume Langilearen Eguna sortu zen. Liburua irakurketa erraza formatoan idatzia dago.

Ekitaldia ostiralean aurkeztu zuten Chillida Lantoki museoan. Isa Sanz gaztedia eta hezkuntza teknikariak irakurketa erraza duela hiruzpalau urte ezagutu zutela gogoratu zuen. "Garaguneren eskutik ezagutu genuen eta bultzatzea erabaki genuen. Liburutegiarekin eta Euskadiko irakurketa erraza taldearekin erakusketa, ikastaroa eta kluba antolatu genituen".

Jasone Erostarbe udal liburutegiko arduradunak irakurtzeko eskubidea aldarrikatu zuen. "Irakurtzeko zailtasuna duen jendearentzat irakurketa erraza kluba sortu genuen. Garagunekoak, adinekoak, atzerritarrak... etortzen dira. Irakurtzeak ahaldundu egiten ditu". Bukatzeko, legazpiarrak liburutegira joatera animatu zituen.

Garaguneko Asun Jauregik adimen urritasuna duten helduekin lan egiten dutela gogoratu zuen. "Beraien bizitza proiektua aurrera ateratzen laguntzen diegu. Herriko ekimenetan parte hartzeko eskubidea dute. Ostiraleko ekitaldiari esker, Chillida Lantoki museoa konkistatuko dute, herriko ekitaldi batean parte hartuko dute, gainontzeko herritarrekin hartu-emana izango dute eta beraien ekarpena egingo dute".

Bukatzeko, Lenbur fundazioko Olatz Condek Chillida Lantoki museoa Legazpiko papertegia zegoen tokian dagoela eta fabrika horretan emakume askok lan egin zutela gogoratu zuen.