Azken urteetan egin bezala, lau ataletan banatu ditu Usurbilgo Udalak legealdi honetarako hartu dituen konpromisoak eta horiek lortzeko 130 neurriak. Horiek guztiak Usurbiltzen leloaren pean gauzatuko dituzte.

"Udal Gobernuak egiten dituen lan guztiek helburu bakar bat dute, Usurbil eraikitzea. Hori adierazteko, aditz bat sortu dugu gure herriaren izenetik abiatuta: Usurbiltzen", azaldu zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak. Leloak badu beste adiera bat ere: 2021. urtean 650 urte beteko dira Usurbil Donostiatik bereizi zenetik, eta, zentzu horretan, burujabetzaren aldarria egin dute lelo horrekin.

Atzoko aurkezpenean, Goretti Aranburu Epelde marrazkilariak Sutegiko erakusketa aretoko kristal zati bat margotu zuen, ekitaldiko edukietan oinarrituta. Horrez gain, Lur Etxeberria eta Luken Arkarazo zinegotziek bertso bat sortu eta musikatu zuten, propio, ekitaldirako. Ondoren, bi minutuko bideo bat proiektatu zuten, neurri garrantzi-tsuenak laburbiltzen zituena.

Hau amaitu zenean, azalpenarekin hasi ziren. Esan bezala, lau ataletan banatu dituzte legealdi berriko neurriak: herri-nortasuna, herri jasangarria, ongizatea eta Udala herriaren zerbitzura.

Nortasunari dagokionez, "ikur diren balioak zaintzeko eta indar-tzeko" 43 neurri berri proposatu ditu udal Gobernuak. Emakumeen Etxea sortzea eta maskulinitate eredu berriak lan-tzea izango dira emakumeen ahalduntzea bultzatzeko bi neurri. Gainera, herritar guztien arteko elkarbizitzari beha, aniztasunaren diagnosia eta plana egin asmo dituzte. Herri-auzoei lotutako hamabost neurri bildu dituzte planean. Jada abiatuta daude, esaterako, Aginagako kaxkoa oinezko bihurtzeko proposamenaren lanketa eta Txokoalden auzotarrentzako izango den ekipamendu publiko bat sortzeko lanak.

Baina, horrez gain, gainerako auzoetako herritarrekin ere saioak egin nahi dira, auzoak bizigarriak izan daitezen zein behar dituzten identifikatzeko. Herritarrek Usurbilgo euskaltegian ikas dezaten bultza-tzea edo Hitza Jasoz ahozko ondarea biltzeko proiektuarekin jarrai-tzea izango dira euskaraz eta ele ani-tzez biziko den herria sustatzeko neurrietako bi. Horrez gain, Udalaren harremanak euskaraz egin daitezen bermatzeko neurriak hartuko dituzte.

Bigarren atalean, ingurumenarekin harmonian bizi ahal izateko beste 51 neurri martxan jarriko dira. Hiri Antolamendurako Plan Orokorra hasieraz onartzea izango da horietako bat: udal Gobernuak hurrengo 10-15 urteetarako zein ikuskera duen jasotzen du. "Hirigin-tza jasangarria bultzatzea, espazioen berrerabilera hobestea, genero ikuspegiaren lanketa eta euskara bermatzea izango dituzte ardatz", azaldu zuten.

Mugikortasun jasangarriaren bidean, bidegorrien plana gauza-tzea, Askatasuna plazan autobus geltoki berria egitea, puntu beltzei irtenbidea ematea dagokien erakundeekin, eta oinezkoei lehentasuna ematea, erdigunea oinezko bihurtuz: udaletxe ingurua, Bordatxoko biribilgunea eta Artzabal eta Mikel Laboa plazaren arteko kalea.

Klima aldaketari aurre egiteko, energia mahai bat eratu eta plangintza bat egingo du Udalak. Udalerriko argiteriaren azterketa orokorra egin eta urtez urte hobetzeko plan bat idatziko du. Kutsadura murrizte aldera, airearen kalitatea neurtzen jarraituko du, eta ibai eta erreken inguruko hobekuntzak landu. Errauste-planta geratzeko lan-ildoarekin jarraituko du Udalak, baita gaikako bilketa hobetzen jarraitzeko modu berriak bilatzen ere. Uraren kudeaketa hobetzeko neurriez gain, natura-guneak babestu eta sustatu nahi dituzte, baita elikadura burujabetzaren norabidean urratsak egin ere, esaterako, bertako ekoizleen ekoizpena merkaturatuz eta lehen sektorean aritzeko baldintza administratiboak hobetuz.

Hirugarren atalari erreparatuz, ongizarte hitzak herritarrak "ongi bizitzeko, osasuntsu, zoriontsu eta duintasunez" esan nahi du, eta hau lortzeko beste 24 neurri proposatu dituzte. Tokiko garapen ekonomikoa sustatzeko, herriko merkatari-tza eta ostalaritza biziberritzeko plana eguneratuko dute. Horrez gain, tokiko garapenaren inguruko hausnarketa egin eta eredu bat definituko dute, ekonomia sozial eraldatzailearen norabidean. Gizarte politikei dagokienez, gizarte bazterketari aurre egiteko, Gizarte Larrialdietarako Laguntza propioen udal-araudia osatuko dute, dirulaguntza propioen poltsa sortuz. Zahartze aktiboa eta bizi-baldintza duinak bermatzeko, besteak beste, Udala Matia eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lantzen ari den hitzarmen sozialean jasotzen diren lan-ildoak gauzatuko dituzte, Kalezarko etxebizitza zain-tzadunen auzunearen bidez. Herritarren premiei erantzungo dien etxebizitza-politikak garatzeko, besteak beste, Txirikorda gauzatu eta alokairua sustatuko dituzte. Jarduera fisikoaren eta kirolaren plan integrala osatze aldera, kirolerako mahai eragile bat sortuko dute, eta herriko kirol diagnosia egin, kirol azpiegiturak hobetzen jarraitzeaz gainera.

Azkenik, neurri horiek guztiak gauzatu ahal izateko, Udalak herriaren zerbitzura jardun behar du: bederatzi neurri proposatu dituzte horretarako. Parte-hartzean eta eredu demokratikoan sakonduko duen gobernantza eredua sustatzeko, auzoen eta Udalaren arteko harremana artikulatzeko eta iraunkor-tzeko egitasmoak sustatuko dituzte, parte-hartze prozesuak eginez.

Neurri horiek guztiak usurbiltzen.eus webgunean izango dira ikusgai, bakoitzaren egoera eguneratuta kontsultatzeko.