AZPEITIA - Lau legealdi (2003tik 2019ra) zinegotzi lanetan aritu ondoren, Mikel Ibarzabal azpeitiarrak joan den urtean eman zuen bukatutzat bere ibilbidea udaletxean. Herriko festa ezberdinak behar bezala ateratzeko hamalau urtez egindako ahaleginen ondoren, ondo baino hobeto ezagutzen dituen jaiekin disfrutatzeko unea heldu zaio 67 urteko herritar honi. Aurreko udan halaxe egin zuen saninazioetan eta datozen egunotan “txikitatik” maite dituen sansebastianetan murgilduko da. Ebakuntza bat medio ezin izango du Harkaitza bere elkarteko taldearekin atera helduen danborradan. Hala ere, badauka berarentzat “jai onenak” diren hauetan lagunartean ondo pasatzeko plana; danborra jotzen ateratzekoa “datorren urterako laga beharko” badu ere.

Aspaldiko partez, aurten ez zaude sansebastianetako antolakuntzan murgilduta. Nola zaude bizitzen festen aurreko egun hauek?

-Udaletxeko betebeharrak kenduta ba... askoz lasaiago, buruko min gutxiagokin. Sansebastianak antolatzea, eta bereziki, egun hauetako danborradak, ardura handia da. Ekitaldi horietan jende asko mugitu behar da eta eguraldiak laguntzen badu ondo baina iragarpenak onak ez badira... buruko min handiak izaten dira festen aurretik.

Zelan igaroko dituzu jai hauek?

-Inauteriekin batera, niretzat sansebastianak festa maitagarrienak dira, herrikoienak, eta ahalik eta ondoen ospatzen saiatuko naiz. Egia da ilusio handia nuela Harkaitzakoekin, nire elkartekoekin, danborra jotzen ateratzeko baina zoritxarrez ebakuntza egin didate mokorrean eta plan hori datorren urterako laga beharko dut.

Hala ere, ez zara etxean geratuko...

-Ez, ez. San Sebastian bezperan beste lau lagunekin aterako naiz festaz disfrutatzera. Jatetxe batean afalduko dugu eta horren ondoren danborrada ikusiko dugu, noski.

Zuretzat, zein da sansebastianeko unerik politena?

​

-Bi nabarmenduko nituzke. Batetik, izada. Eta bestetik, San Sebastian eguneko Meza Nagusian Gure Ametsa eta Ardozaleak konpainietako kideek Musika Bandarekin San Sebastian Martxa jotzen dutenean. Bi une horietan oilo-larru eta dena jartzen zait.

Asko aldatu dira jai hauek Udalan sartu zinenetik?

-2003an hasi nintzen zinegotzi eta orduantxe proposatu zidaten Festa Batzordeburua izatea. Festazalea eta salseroa izanda, gustora esan nuen baietz. Ordutik hainbat talde gehitu dira helduen danborradara eta nire ustez partaidetza handitze hori pozgarria eta aberasgarria da. Hala ere, argi dago danborradan parte hartzen festaz gozatu behar dela, baina errespetu batekin. Ondo dago pixkat edatea danborra jotzen den bitartean baina batzuk ez dute kontrolik izaten eta hori ez dut ondo ikusten. Amaitzerakoan gau osoa dago horretarako.

Umeen danborrada antolatzeak ere izango du bere lana...

-Noski baietz baina umeek dena erraztu egiten dute. Kriston ilusioa izaten dute desfilean ateratzeko eta gainera ikastetxeen laguntza handia izaten da. Haurren danborrada prestatzen oso gustora aritzen nintzen ni eta karrozaren gaiari heltzeko unean beti izaten nituen kontuan nire lagun handia zen Imanol Eliasek esandakoak eta emandako gomendioak. Asko ikasi nuen berarekin eta beti egongo naiz berari eskertuta.

Zer esango zenieke azpeitiarrei festa hauen atarian?

-Alde batetik, sansebastianak ahalik eta ondoen eta errespetuz disfrutatzeko. Eta bestetik, orain arte egin duten bezala jai herrikoi eta polit hauetan Azpeitia maitatzen eta sentitzen jarraitzeko.