bergara- Emakumezkoen I. Gabonetako Futbol 5 txapelketa jasoko du gaur Ipintza zelaiak (10.00). Alebin eta benjamin mailetako Bergarako, Elgetako, An-tzuolako eta Soraluzeko jokalariei deialdia luzatu die Bergarako Kirol Elkarteak (BKE). Urtarrilaren 2an, aldiz, Infantil Txiki mailako XXXVI. Nazioarteko Real Sociedad txapelketako kanporaketak izango dira Ipintzan, 9.30ean hasita.
Hurrengo egunean, 3an, Gazte mailako Gabonetako Futbol torneoaren 30. edizioa antolatu dute. Eta aurtengoa berezia izango da, azaroan hildako Alfredo Najera gogoan izango baitute. Hala, txapelketako hirugarren partiduaren aurretik, 13.00etan, urte askotan BKEko talde desberdinetako entrenatzaile eta zuzendaritzako kide izan den Najerari omenaldia egingo diote. Hasteko, 11.00etan, Bergarak Realaren aurka neurtuko ditu indarrak Agorrosinen. 12.00etan, Osasuna eta Bergara izango dira aurrez aurre, eta ondoren, Realak eta Osasunak jokatuko dute. - A.D.