Síguenos en redes sociales:

Azokak batuko ditu hiru herri

Ataunen, Lazkaon eta Seguran, datorren asteburuan ospatuko dituzte euskal disko eta liburuen azokak.Elkarlanean antolatutako jardunaldia izango da, eta aurkezpen ugari egingo dira horren barnean.

Azokak batuko ditu hiru herriM.A.

Beste urtebetez, Durangoko Azoka ospatuko da egunotan, euskal sortzaileen lanen erakuslehio bihurtuz. Bizkaira joan beharrik ez da izango, ordea, euskal kulturaren panoraman dauden berrikuntzen berri izateko; izan ere, datorren abenduaren 13, 14 eta 15ean Ataunen, Lazkaon eta Seguran egingo dira euskal disko eta liburu azokak. Euskal kulturaren kontsumoa bultzatzearren, hiru azoketan erosketa guztiei %15eko deskontua egingo zaie, Udalek finantzatua, eta azokan aurkitzen ez diren liburu edo diskoak enkarga-tzeko aukera egongo da, deskontu hori mantenduz.

“Elkarlan baten emaitza da”, nabarmendu dute antolatzaileek. Urtero egutegian markatuta dagoen ekintza izaten da, eta urte osoko lanaren emaitza ere bai. Beti, ordea, ez da erraza izaten halakoak antolatzea, eta aurtengoan, Ordizian ez da halakorik egingo. Orain arte Hitzaro euskara elkartea izan da bultzatzailea, baina eskatzen duen lan kargari aurre ezin eginda, aurtengoan ez da azoka egingo bertan. Beasainen kasuan bai egingo da, baina ez da hiru herrien elkarlanaren barnean sartzen. Udalak antolatuta egingo da, asteburu berean, eta Zubimusu plazan.

Nahiz eta hiruek elkarrekin antola-tzen duten, herri bakoitzeko azokak ezaugarri propioak ditu. Ataunen kasuan, 14. edizioa dute aurtengoa eta San Martin auzoko herri antzokian egingo da. Datorren ostiralean zabalduko dizkie ateak azokari, arratsaldeko 18.00etan. Hala ere, ekitaldi gehien dituen eguna larunbata izango da, hilak 14. 11.30ean, esaterako, Zaragozako baina ia ataundar den Andres Gomezen Tus ojos mañana poesia liburuaren aurkezpena izango da, 12.00etan Xabier Berasaluze Leturia ataundarraren Tarrapatan. Pandero baten ibilbidea ikasketa liburuarena eta 12.30ean, Zuek Heben ekimen zuberotarraren Euskal Herriko Atlas Geopoetikoa izango dute hizketagai.

Igandean, bestalde, 11.30ean, Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelek Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara liburuaren nondik norakoak azalduko dituzte eta 12.30ean Bernardo Atxagaren txanda izango da: Etxeak eta hilobiak liburua emango du ezagutzera.

zahar eta berri Lazkaoko azoka da Goierriko zaharrena, aurten 31. edizioa du eta ohiko moduan, frontoiko plazan kokatuko da. Ostiral arratsaldean zabaldu, baina larunbat eta igandean goizez bakarrik egongo da. Aurkezpenez beteta dator, ordea, etzi hasita. abenduaren 9an, Gerriko liburu dendan Xabier Berasaluze Leturiaren Tarrapatan liburua, eta Joseba Tapiaren Vint anys zuzeneko diskoaren aurkezpenak izango dira.

Asteartean, hilak 10, herriko beste sortzaile baten txanda izango da. Eneko Aizpurua idazleak solasaldia egingo du ikastolako eta Maizpideko ikasleekin, euskaltegian. Egun berean, 18.30ean, Emagin eta Lazkaoko Talde Feministak antolatuta, Joko eta jolas ez sexistak hitzaldia hartuko du Gerriko Txokoak. 11an, aldiz, Hedoi Etxartek Sorginak, emaginak eta erizainak eta Arimaren etorkizuna liburuak azalduko ditu Gerriko liburu dendan. Ostegunean, leku berean, aurkezpenek jarraituko dute eta Amets Artzallus eta Rafa Egigurenek Miñan eta Txipiroiak bere beltzean liburuen berri emango dute, 19.30ean. Eta igande eguerdian Jon Ostolaza eta Alejandro Irizarren txanda izango da: Osto eta Ale diskoaren aurkezpena.

Seguran, bestalde, Botikaxarran kokatuko da azoka, eta 13. edizioa hasiko du aurten, ostiralean. Irekiera ekitaldian, 18.30ean, korua, herriko Azpilla dantza taldearen saskiaren zozketa, Udal egutegiko argazki lehiaketako sari banaketa, gaztainak eta ardoa egongo dira. Larunbat eta igande eguerdietan salda eta pastak banatuko dituzte eta Arrago folk taldearen emanaldia egingo da igandean, 12.30ean.