"Getarian oso ohikoa zen antxoa gatzetan jartzea, baina egun oso jende gutxik egiten du"
getaria - Antzinan, antxoa xerra-tzen ibiltzen zirenak asko baziren ere, egun eskuekin konta gintezke guztiak. Bada, ordea horretan trebea den Getariako enpresa tradizional, txiki eta berezi bat: Maisor. Bertan buru belarri dabiltza Oihana eta Ainhoa Iribar ahizpak, “bertako ohitura ez dadin galdu”. Getariako ondarea balorean jar-tzeak fruituak eman dizkie. Izan ere, Gipuzkoako Ganbarak Urola Kostako saltoki onena izendatu du Maisor.
Urte borobila ari da izaten zuena. Hogei urte bete dituzue eta gainera, Urola Kostako saltoki onenaren saria irabazi duzue...
-Hala da. Ez genuen espero, eta hainbeste lan egin ondoren, horrelako aitorpen bat egiten dizutenean beti hartzen da pozez.
Zergatik izan zarete aukeratuak, zuen ustez?
-Saltoki arruntaz at, guk bertaratzen den orori esperientzia bat eskaintzen diogu. Horretarako, hainbat zentzumen lantzen ditugu: dastamena; beti eskaintzen dugu antxoa, bokeroia edo berdela dastatzea, ikusmena; obradorea bistan daukagu, edonork ikusi dezake nola egiten dugun lan, usaimena; Maisorrek antxoa usaina du, ukimena; norberak antxoa xerratzeko aukera eskaintzen dugu eta soinua; portuan gaude, moilako bizitza bertatik bertara daukagu.
Maisorren antxoak norberak xerratu ditzazkeela esan duzue. Zer eskaintzen duzue, bada?
-Duela bost urte inguru antxoa ga-tzetan jartzen ikasteko, ikastaroak jarri genituen martxan. Lehenengo Getariako haurrekin hasi ginen eta ordutik hainbat tailer egin ditugu, bertako herritarrekin eta baita turistekin ere.
Inguruan antxoa gatzetan jartzen duzuen bakarrenetakoak izango zarete zuek...
-Bai, garai batean Getarian oso ohikoa zen baina egun, oso jende gutxik egiten du. Gure kulturaren parte izan da antxoa eta guk gurea den ondare hori berpizteko asmoz hasi ginen esaterako, tailerrak ematen.
Askotan entzuten da antxoa garestia dela. Baina, jendeak ba al daki horren atzean dagoen lana?
-Egia da, prezio altua du. Baina, gure antxoa erostean, prezioa bakarrik ez, inpaktu soziala eta ingurumena kontuan hartuko bagenitu, ez litzateke garestia izango. Lehengaiak bertako arrantzaleei erosten dizkiegu eta hala, arrantza jasangarria babesten dugu. Ekoizpena ere Getarian egiten dugu, hasieratik bukaeraraino. Zorionez, gero eta kontzientzia gehiagorekin erosten dugu. Jendeak jakin egin nahi du produktu bakoitzaren atzean zer eta nor dagoen. Horregatik, beharrezkoa da gure produktuak nola egiten ditugun azaltzea.
Urte hauetan guztietan eskaintzak berrituz joan zarete eta oraingoan ere nobedadeekin zatozte...
-Bai, zerbitzu berri bat jarriko dugu martxan, ekitaldietarako antxoa egin berriak eskatzeko. Hau da, bazkariren bat edo beste edonolako ospakizunetarako, aurreko egunean xerratutako antxoak eskainiko dizkiegu bezeroei. Horretarako, nahikoa izango da Maisor dendara deitzea. Gainera, buztineko ontzi polit batean jartzen ditugu denak. Bestetik, inguruko ekoizleekin kolaborazioak egiten urteak daramatzagun arren, ez dugu inoiz Pop up espazio batean parte hartu. Lehen aldiz, datorren asteko zubian, Ezkurtxerri (txerrikiak egiten dituen euskal ekoizlea) eta Gaintza (bodega) enpresekin elkarlanean, hiru eguneko denda irekiko dugu. Getarian izango da, Elkano kalean.