Síguenos en redes sociales:

Egiako argazki album erraldoia

Egiako argazki album erraldoiaLópez Galarretaren argazkia

Gordegia proiektua apirilean hasi zen gorpuzten, auzoko irudiekin artxibategi grafiko historikoa osatzeko asmoz. Hilabete gutxi pasa dira baina dagoeneko webgunea sortu dute eta 2.300 argazki jarri dituzte sarean, auzotarren eskura. Beste 10.000 ere badituzte igotzeko zain, digitalizatuta eta dokumentatze lanak egitear.

“Ekarpen polita izan zitekeela pentsatu genuen auzoarentzat, komunitatea lantzeko”, azaldu du Arkaitz Artolak. Irudiak bildu bakarrik ez, horiekin batera auzoaren historia ere berreskuratu nahi dute, belaunaldi berriei gerturatzeko, “Egiako argazki album” erraldoia sortuz. Artolarekin batera Karlos Trenor, Fernando Olalde, Oihana Agirre eta Itsaso Alkorta ari dira proiektua garatzeko sortu zen oinarrizko lantaldean, baina Gordegia proiektu irekia da.

Teila Fabrikarekin lotuta sortu zen ekimena duela hilabete batzuk. Ekin-tzaile, enpresa, kooperatiba eta elkarteei irekia, batez ere ekonomia soziala jorratzen duten proiektuei espazioa eskaintzen die Teila Fabrikak: “Proiektuen fabrika” izan nahi du. Instalazioak presta-tzean, paretan garai batean auzoan egon zen teila fabrikaren irudi baten bila hastean, zailtasunak topatu zituzten. Alor horretan hutsunea zegoela eta, nolabait, hori bete-tzeko enkargua egin eta diruz laguntzeko aukera ikusi zuten. Hala, aurretik ere gaiarekiko interesa zuten eta ertz desberdinetatik landuta zuten Trenor, Olalde, Agirre, Alkorta eta Artolak hartu zuten haien gain enkargua. Gordegia irabazi asmorik gabeko elkartea sortu eta lanean hasi ziren.

‘Egiatik’ eta auzotarrak

2008. urtean Tabakalerak egindako Egiatik auzoari buruzko erakusketa izan zen abiapuntuetako bat. 2.000 argazki inguru jaso zituzten erakusketa hartan, baina horiek lortzea ere ez zen lan erraza izan, Tabakalerak berak ez baitzeuzkan eta erakusketa antolatu zuen enpresa topatu behar izan zuten. Beste abiapuntu garrantzitsu bat Kutxatekaren artxiboa izan da, bertan jasota dauden auzoko argazki gehienak batu baitituzte dagoeneko.

Horiekin batera, auzotarren bilduma propioak izan dira batez ere artxiboa handitu dutenak lehen hilabete hauetan. Egiako argazkilariekin harremanetan jarri ziren, baita pertsona “klabe” batzuekin ere, hainbat mugimendu eta taldetan ibilitakoak eta argazki multzo polita zutenak. “Sarea osatzen” hasi ziren horrela. Auzo elkartearekin, Porrontxoen batzordearekin eta Aitor Ikastolarekin ere harremanetan jarri dira. “Ikastolan materiala erabilgarri izango zaiela esan digute haurrekin auzoaren historia lan-tzeko”, azaldu du Artolak. Garai batean Tabakaleran lan egin zuten zigarrerekin ere bildu dira eta irudi sorta polita lortu dute haiengandik.

Sarean lan egiten jarraitu nahi dute eta, hala, urriaren 25ean bilera irekia egin zuten auzotarrei proiektua eta webgune berria aurkezteko eta haien konplizitatea eta elkarlana lortzeko. Eta, haien bidez, egiatar gehiagorengana heldu nahi dute. Batez ere belaunaldi nagusien laguntza eta inplikazioa beharko dutela aipatu du Artolak, haiek baitira auzoaren historiaren zati handi baten lekuko zuzenak.

Jaso eta “askatu”

“Harrera oso ona izaten ari da, ikusi dugu guztiei interesatzen zaien gaia dela”, aipatu du. Bestelako ekimenak antolatzea ere pentsatzen ari dira: irudien proiekzioak, tertuliak, erakusketak, bisita gidatuak... “Auzoko historia ere landu nahi dugu artxiboaren bidez”, azaldu du.

Teila Fabrikaren laguntzari esker webgunea sortu eta pertsona bat lanean jartzeko aukera izan dute, ordu pare batez bakarrik bada ere (gainerako lan guztia boluntarioa da), irudiak eskaneatu (originala beti jabeari itzultzea erabaki dute eta artxiboa soilik digitala izatea) eta dokumentatzeko. Argazkiei testuingurua eta data jartzea ez da beti erraza. “Entretenigarria da batzuetan”, esan du barrez Artolak.

Duela urte batzuk Josean Jauregik kaleratutako Egia, gure auzoa liburuaren laguntza izan dute, baina dokumentazio lan horretan zorrotzak izan nahi dutela nabarmendu du Artolak. Dena den, webgunean erabiltzaileek ekarpenak eta zuzenketak egiteko aukera dute. Eta argazkiak deskargatu eta erabiltzeko aukera ere bai, artxiboa auzotarrentzat baita, irudi horiek “askatu” nahi baitituzte: “Txukun egin nahi izan dugu guztia eta webgunean bertan pribatutasunaren inguruko kontratu eta lizentziak daude argazkiak erabili ahal izateko”.

“Arima daukan auzoa da, kastaduna. Gauza asko bizi izan ditugu bertan? eta gehiago ditugu bizitzeke. Bizipen horietako asko, gogorrak nahiz ederrak, gurekin gorde ditugun irudietan betikotuta geratu dira. Egiako bizitza eta historia islatzen duten irudi horiek guztiak elkarrekin ikusi eta komentatu nahi ditugu”, diote webgunearen sarreran, Gordegiaren aurkezpen gisa. Gordelagunaren figura ere sortu dute, eta horien kopurua eta sarea handitzea da orain helburua.

Gordegia. Irabazi asmorik gabeko elkartea da eta Teila Fabrikaren laguntza du Egiako artxiboa osatzeko. Apirilean hasi ziren lan honetarako biltzen eta jada webgunea prest dute, 2.300 argazki jasota eta dokumentatuta eta beste 10.000 zain.

Argazkiak. Webgunearen bidez (gordegia.eus) bidali daitezke argazkiak. Gainera, azaroko astearteetan arratsaldez argazkiak jasotzen aritzen dira, Teila Fabrikan bertan (Iruresoro plaza, 2-4).

Gordelaguna. Gordelagunaren figura sortu dute, haiekin kolaboratzeko. Doakoa da.