Síguenos en redes sociales:

Altzatik, hiriko kulturaren gordailu

casares irratia dk irratia bihurtu da: hiriko kultur jardueren lekuko eta bozgorailu izango da eta ohiko ikastaroak eskaintzen jarraituko du

Altzatik, hiriko kulturaren gordailu

Altzatik Donostia osoko kulturaren gordailu eta bozgorailu bihurtu nahi du. Horretarako, Casares Irratia Donostia Kultura Irratia bihurtu da (DK Irratia) eta, besteak beste, egunero kultura-magazin berria eskainiko du, Bestalde, Ion Olanoren gidaritzapean. Altzako kultur etxeko estudiotik emititzen jarraituko du (107.4 frekuentzian) eta hiri guztian entzuteko aukera egongo da.

28 urte badira Casares Irratia sortu zutela eta bere nortasunari eutsiz, jauzia eman duela esan zuen atzo Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendariak. Hala, hiriaren kulturaren leiho bihurtu nahi du, gainerako komunikabideen “osagarri” izateko. Donostian irratiak eta irrati esatariek izan duten lekua nabarmendu zuen Otamendik, hamaika komunikabideren ordezkariekin batera atzo egindako aurkezpenean.

Hitzorduen berri emateaz gain, hainbat saio, hitzaldi eta ekitaldi grabatuko ditu DK Irratiak eta noiznahi entzuteko aukera eskainiko du, izan ere, hainbat podcast gordeko ditu eta webgunean izango dira entzungai. Hala, “gordailu” gisa egingo duen lana nabarmendu zuen Otamendik. Eta ekitaldiez harago joateko asmoa ere agertu zuen Ion Olanok, Bestalde saioak, kulturzaleen topaleku izateaz gain, sortzaileen berri ere eman nahi duelako. Kultura beti bestearekin egiten den jarduera dela nabarmendu zuen Olanok eta, hala, sorkun-tzaren bi alde horiei keinu eginez aukeratu zuen magazinaren izena.

Kultura izango du ardatz, hirian gertatzen denaren lekuko, baina horrekin batera Casares Irratiak aspaldi abiatutako ikastaroekin ere jarraituko du DK Irratiak. Onda Vascako Jose Joaquin Forcada Forki eta Sergio Errastik irratigin-tza tailerra eskaintzen jarraituko dute, besteak beste, lokuzio-teknikak, gidoiak, alde teknikoa eta bestelakoak lantzen.

Maider Gorostegik Ahotsarekin jolasean ikastaroa eskainiko du eta Inko Martinek, aldiz, Irrati-an-tzerkia.

Otamendirekin batera Eneko Goia alkatea eta Jon Insausti Kultura zinegotzia izan ziren Victoria Eugenian atzo egindako aurkezpenean. Goiak nabarmendu zuen Madrilen aurreko urteotan zabaldutako irrati katea itxi duten bitartean, Donostiak aurkako bidea egiten duela, irratiari eta kulturari ateak zabalduz.

DK Irratiaren lehen egun hauetan beste ekitaldi berezi batzuk ere prestatu dituzte. Hala, gaur bertan, Begoña Del Tesorekin eta Beñat Iturriotzekin solasaldia eta Inko Martinek zuzendutako irrati-an-tzerkia izango dira zuzenean, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren astearen baitan.

Azaroaren 18an Literaktumaren harira beste saio berezia eskainiko dute: Iratxe Retolaza, Lourdes Oñederra eta Itxaro Bordaren arteko solasaldia eta Harkaitz Cano eta Maite Larbururen emanaldia izango dira saio horretan. Azkenik, Hamaika entzuteko! irrati-piezen lehiaketaren sari banaketa abenduaren 17an izango da. Saritutako lanak zein diren jakin eta entzuteaz gain, zuzeneko irrati-antzerkiaz gozatzeko aukera ere izango da.