Síguenos en redes sociales:

Donostiar bakoitzak 4,6 tona sortu zituen 2017. urtean

Donostiar bakoitzak 4,6 tona sortu zituen 2017. urteanEsti Veintemillas

donostia - 2017ko berotegi efektuko gasen udal inbentarioaren datuak aurkeztu zituen Ekologia zinegotzi Enrique Ramosek atzo, eskura dituzten azkenak. Eta haien balorazioa egitean isurien %56,5 garraioak eragiten dituela nabarmendu zuen. Zehazki, eta garraiobideei dagokienez, auto partikularrek sortzen dituzte emisio horien %63; %28 kamioien eta furgoneten ondorio dira eta %6,7, berriz, autobusen ondorio. Hala, emisioak murrizteko neurriak hartzeko orduan alor horretan eragin behar dela bereziki gaineratu zuen.

Donostian 857 kilotona CO2 isuri ziren 2017. urtean, hau da, herritar bakoitzeko 4,6 tona (industriak sortzen duena kontuan hartu gabe). Kopurua, gainera, aurreko urtekoa baino okerragoa da, 2016tik %5,6 egin baitzuen gora. Hala, 2020rako aurreikusitako emaitzak ez ditu lortuko hiriak, Ramosek atzo aitortu zuenez.

Ekologia sailak Mugikortasuneko arduradunekin lan egiten duela esan zuen Ramosek eta gaur egun kontzientziazio maila altuagoa dela-eta, errazagoa izango dela herritarrek hainbat neurri onar-tzea, trafikoa mugatzearen inguruan, esaterako, edo abiadura muga zorrotzagoak jartzearen inguruan. Udal Gobernuak esan izan du Topoaren geltoki berriak bukatutakoan erdialdean aldaketak egongo direla mugikortasunari eta trafikoari dagokionez eta, zentzu horretan, San Martin kalearen itxiera (Topoaren lanengatik urtebetez itxiko dute) “proba” moduan aztertu daitekeela ere esan zuen Ramosek.

Garbi utzi zuen lehentasuna garraioan aldaketak bultzatzea dela, baina bestelako alorretan ere neurriak proposatu nahi dituzte. “Adibidez, zaborren birziklapena hobetu behar dugu, %40ra ere ez baita iristen”, onartu zuen zinego-tziak. Beste datu negatibo bat ere aipatu zuen: Donostian kontsumitutako elektrizitatea sortzeko isuri gehiago izan ziren 2017an aurreko urtean baino, iturri berriztagarri gutxiago erabili baitziren.

Ramosek azaldu zuenez, 2007. urtean 2020rako isuriak %20 jaistea jarri zuten helburu. Kopuruak behera egin du azken hamabi urteotan, baina batez ere krisiak bultzatuta, eta azken urteotan ekonomia hobetzearekin batera berriro ere goranzko joera hartu du. Hala, %20ko murrizketa ez dutela lortuko esan zuen, baina harago begiratu eta 2030erako finkatutako helburua lortzeko (%40ko murrizketa) lan egingo dutela esan zuen eta horretarako bestelako neurriak hartu beharko direla ere aurreratu zuen. Eta horretarako, besteak beste, datu zehatzak eta informazioa lortzeko bideak ere hobetu behar direla esan zuen, egun dituzten azkenak 2017koak baitira.