Urtero egiten da ibai garbiketa. Irailaren 16an hasi ziren eta atzo arratsaldera bitartean ia hiru tona zabor atera dituzte ibaitik. Txukun Lorezaintza enpresakoak dabiltza lan horiek egiten, eta oraingoz Ordiziako udalerria igarotzen duen Oria ibaia garbitu dute. Bi kilometro eskasean jaso dute zabor kantitate hori guztia eta atzo arratsaldean plaza erdian utzi zuten jasotakoa, jendea kontzientziatu dadin. Iaz, aldiz, zortzi tona zabor atera zituzten, aurtengoa baino dezentez gehiago, baina, hala ere, balorazio negatiboa egin du Ordiziako Udalak.
“Goierriko ibaiak herrien artean, modu bateratuan garbitzeko ekimenak porrot egin ondoren, gaia hondakinen mahaira iritsi zen, eta Ordiziak bere udalerriko mugetan dauden ibaiak garbitzea proposatu zen. Iaz egin zen garbiketa lehen aldiz, nahiz eta jakin, ibaiek ez dituztela gure herrien mugak errespeta-tzen. Uretan behera datozkigun, eta guretik doazen hondakinak modu bateratuan garbitu beharko genituzke, baina herri ezberdinen arteko ekimen partekatua abiatu bitartean, guk gure kabuz garbituko dugu, gutxienez”, azaldu zuen Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.
plastikoa nagusi Buru-belarri aritu dira egunotan zaborra ateratzen. “Eskuz egiten den lana da, eta puntu batzuetan zabor asko ikusi dugu. Adibidez, etxe batzuen parean esne kaxak aurkitu ditugu errekan, denak marka berdinekoak. Gure ondorioa da jendeak lehiotik botatzen duela zaborra ibaira, garai batean bezala. Eta hori, nolabait, gelditu beharra dago”, nabarmendu zuten Txukun Lorezaintzako kideek.
“Hala ere, gehiena plastikoa topatu dugu. Ez udetan edo lurrean, zuhaitzetan ere asko zegoen”, gehitu zuten. Oraindik ere Amundarain ibaia garbitzea falta zaie, eta beste hainbat eguneko lana dute aurretik. Euri jasa handirik egon ezean, datorren astean amaituko dituzte lanak. Garbiketa hauen kostua, aldiz, 5.400 eurokoa izan da, BEZa gabe.
begi bistan Jasotzea garrantzitsua den arren, are garrantzitsuagoa da zaborra ibaira ez botatzea. Horregatik, eta berrikuntza modura, jasotako hondakinak herriko plazan jarri zituzten ikusgai atzo arratsaldean. “Nahiz eta aurten jasoko den hondakin kopurua txikiagoa izango dela dirudien, balorazioa oso negatiboa da. Ordiziarron jarrera okerrera doalako, gure kale eta plazak geroz eta zikinago uzten ditugu, eta ohituta gaude gainera biharamunean zabor hori guztia ez ikusten. Garbitzaileek sekulako esfortzua egin arren, haizeak edo euriak hondakinak, batik bat plastikozko zorroak, ibairaino daramatzate, eta ibaiak itsasoraino”.
Plaza erdian, arratsalde osoan eta gau osoan egon zen zaborra. Baloiak, kableak, mendiko oinetakoak, kotxe baten gurpila... denetik ikus zitekeen. Ezenarro bereziki kezkatuta agertu zen gai honen inguruan: “Mundu mailan bizi dugun larrialdi klimatikoa salatzen ari garen aste honetan ordiziarrei gure herriko egoera zein den erakutsi nahi diegu horrela, muturren aurrean jarri. Ingurumenaren kutsadura jasanezina da zentzu guztietan, eta plastikoen erabilera masiboak egoeran eragin zuzena dauka. Gure ibaietatik atera dugun zaborra, gure kale eta plazetako zaborra da azken finean”. Zorrotz mintzatu zen, gainera: “Garbiak garen irudipen faltsua dugu, egunero kale eta plazak txukun eta garbi ikusten ditugulako, baina ez da garbiagoa gehien garbitzen duena, gutxien zikintzen duena baizik”.