Usurbilgo ondare artistikoaren webgunea aurkeztu da
Usurbil - Alkateak adierazi zuenez, Harria Hitz ekimena sendotzen doan kultur proiektu bat da, etengabe berri-tzen dena. Orain dela hilabete ba-tzuk bisitak irisgarriak egiteko aplikazio bat sortu zuten. Ibilaldiak hilean behin antolatzen dira eta bataz beste hamabost pertsonek parte hartzen dute.
Badira hiruzpalau urte Usurbilgo ondare artistikoa ezagutarazteko bisita gidatuak egiten direla. Atzo, herritar zein bisitariei eskaintza zabaltzeko asmoz, Usurbilgo Udalak eta Ereiten Kultur Zerbitzuek harriahitz.eus webgunea aurkeztu zuten.
Bisitei buruzko informazio guztia batu du Ereitenek webgune horretan, nahi duen orok modu errazean eskura dezan. Tresna berri hau bost ataletan banatzen da, Sara Etxebeste Ereiten Kultur Zerbitzuetako kideak azaldu zuenez: sarrera, ibilbidea, Zure Usurbil, ostalaritza eta agenda. Lehenengo bietan, Harria Hitz zer den, bisitan ezagutarazten diren puntu nagusiak zeintzuk diren eta herriko ondarea eta agenda ezagutzeko loturak aurkituko dituzte bisitariek. Ostalaritzaren atalean, Usurbilgo jatetxe, ostatu eta tabernen informazioa batu dute. Zure Usurbil atala oso garrantzitsua da antolatzaileentzat: “Bisitara etortzen diren pertsonekin hartu-emana sortzeko balio digu: bisitariek euren argazkiak igotzeko aukera dute, baita iritzia eman eta ekarpenak egitekoa ere”.
Azkenik, egutegia kontsulta daiteke. Oraingoz, urte bukaerara bitartean, lau bisita izango dira: guztiak, desberdinak. Larunbat honetan Usurbilgo erdiguneko bisitaz gain, Dzirt-Dzart saioa egingo da, Donostiako Komikigunearekin elkarlanean. Idoia Torregarai aurkezle eta gai-jartzaile arituko da Joseba Larratxe Josevisky eta Antton Olariaga marrazkilariekin.
“Usurbilek lotura estua du artearekin, eta herriko kaleak dira horren erakusgarririk onenak. Erdigunean pixka bat ibiltzea nahikoa da zenbat artelan dauden jabe-tzeko: Usurbilgo kaleak herriak sormenarekin eta artearekin duen harremanaren isla zuzena dira”, azaldu zuen Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak. “1960ko hamarkadako kultur eztandatik gaur egunera arteko obrak ditugu tartean”, gaineratu zuen.