donostia - Donostiako Udaleko oposizioko hiru taldeek, zehazki, bi txosten ez dizkietela ematen esan zuten atzo EH Bilduko, PPko eta Elkarrekin Donostiako zinegotziek batera egindako agerraldian. Sade enpresak Arte Ederretako hainbat elementu eraisteko baimena eskatu du eta espedientea eskatuta, Gobernuak osatu gabe eman ziela bat egin zuten. Udaleko hirigintza sailak burututako txostena eta Pedro Ponce de León arkitekto adituari espresuki eskatutakoa falta zirela azaldu zuten, eraikinaren egituraren egoerari buruzkoak. “Bi horiek berriro eskatuta, Nekane Arzallus zinegotziak ezetz esan zigun eta gure eskubideen urraketa garbia da hori”, esan zuen Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak.

“Nolabait txosten horiek behin betikoak ez direla esan zigun eta hori larria da, erantzuna gogorra izan zen”, gaineratu zuen PPko Mikel Lezamak. “Txostenak badaude eta ezin dira aldatu Gobernuari gustatzen ez bazaizkio”, gaineratu zuen Burutaranek. “Diru publikoarekin ordaindutako txostenetarako sarbidea izan beharko genuke, donostiar guztiek beharko lukete”, esan zuen Haizea Garay Elkarrekin Donostia taldeko zinegotziak.

Biharko osoko bilkuran berriro eskatuko diote Udal Gobernuari txosten horiek erakusteko eta erantzunaren arabera, bestelako bideak edo erabakiak aztertuko dituztela esan zuten. “Momentuz salaketa publikoa egingo dugu, gero aztertuko dugu zer egin”, adierazi zuen Lezamak.

Salaketa horrez gain, hiru taldeek, “aniztasunetik” abiatuta, eraikina babesteko konpromisoa ere agertu nahi izan zuten. Hala, txostenak ez erakusteko arrazoia eskatutako elementuen eraisketa baimentzea azter-tzen ari dela izan daitekeela esan zuten hiru zinegotziek: “Arriskua erreala da”, esan zuen Garayk.

akordioaren bila Gaiaren inguruan galdetuta, Eneko Goia alkateak lanean jarraitzen dutela esan zuen, jabeekin (Sade enpresa) akordio batera heltzeko helburuarekin. “Zaila da eta ez dakit lortuko dugun, baina helburua da urtea amaitu baino lehen akordioa lortzea”, esan zuen alkateak.

Bestalde, jabeek eskatu dutena eraikinaren elementu batzuk botatzeko baimena dela gogoratu zuten Udal Gobernuko iturriek eta, beraz, ez direla inondik inora aztertzen ari eraikin osoaren eraisketa. Eraisketa partzialaren eskaera horri erantzuteko epea luzatzeko eskatu zion Udalak Saderi azterketa gehiago egiteko eta jabeek onartu egin zuten.