ordizia - Astelehen arratsaldean elkartu ziren taldeko zein Udaleko hainbat ordezkari egitarauaren berri emateko. Frontoitik Kiroldegira 50 pase dira izango du lema eta ospakizunak hasi besterik ez dira egin. Ekitaldiaren ostean guztiak plaza nagusian batu ziren Ordiziako Saskibaloi elkartea osatzen duten talde guztien aurkezpena ikusteko. Ordurako plaza beterik zegoen eta Ordizian kolore urdina nagusitu zen.
Ez hori bakarrik, izan ere, aurtengoan Delteco Gipuzkoa Basket taldeak Ordizian egin du bere taldearen aurkezpena eta asko izan ziren jokalariengana gerturatu zirenak. Jaialdi moduan, banan bana egin zen aurkezpena, jokalarien izenak esanez.
Mende erdia bete du elkarteak eta horrek duen garrantzia nabarmendu zuen Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak: “azken 50 urte hauetan ia 1.000 ordiziar pasa dira Saskibaloi taldetik. Herri bezala Ordiziako saskibaloi taldeari zor dizkiogun bi ekarpen aldarrikatuko nituzke: alde batetik, gure herrian kirol aniztasunari atea zabaltzea. Nik uste, esan genezakeela Ordiziako Saskibaloi taldea ai-tzindaria izan dela ordiziarrei kirol eskaintza zabaltzerako orduan. Horregatik, egun, biztanleekiko proportzioan kirol ezberdinetan federatu gehien dituen Gipuzkoako herrian bilakatzeko lehen urrats hori zuek eman zenuten. Bestetik, Ordiziako Saskibaloia aitzindaria izan da emakumeei kirol eskaintza zabaltzen; lehen taldea 1977an sortu zen. Gaur egun, gizonezko baino emakumezko fitxa gehiago dituen taldea da”.
hasi besterik ez Urte borobila osatuko dute saskibaloi taldekoek. Larunbat honetan, Salto Bera Bera taldearen sensibilizazio ekitaldia egingo da, eta ondoren partida jokatuko da. Atsedenaldian, gainera, 1970.urteko lehen taldeari omenalditxo bat egingo zaio.
Urriaren 14tik 25era, bestalde, Barrena jauregian erakusketa bat jarriko dute. Bertan garai bateko argazkiak, arropak eta materiala jarriko dira, besteak beste. Nolabait denboran atzera egiteko aukera emango du erakusketa horrek. Abenduaren 28 eta 29an, berriz, Euskal Herriko Mini Txapelketa jokatuko da eta ohiko moduan, apirilean egingo da Azatxo topaketa. 3an izango da aurten eta esklerosi anitzaren aldekoa izango da. Apirilaren 18an bailarako beteranoan txapelketa egingo da eta maiatzaren 23an Gipuzkoa mailako final nagusiak jokatuko dira Majori kiroldegian. Amaitzeko, maiatzaren 30an saskibaloi familiaren bazkaria egingo dute 50 urte emankor hauek ospatzeko.