Auto eta furgoneta elektrikoak probatzeko aukera
donostia - Europako Mugikortasunaren Astearen baitan, Donostiako Udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) bultzatu dute kanpaina, ibilgailu elektrikoen erabilera sustatzeko asmoz. Hala, aurretik taxiekin egin zuten moduan, orain enpresek eta profesionalek auto elektrikoak haien egunerokotasunean probatzeko aukera izango dute astebetez, haien beharretara egokitzen diren jakiteko.
Kutsatzailea ez den eta ingurumena eta hiri-ingurunea errespeta-tzen dituen mugikortasun alternatibo hori hiriaren eguneroko jardunean presentzia nabarmena duen sektore bati ezagutaraztea da atzo abiatutako kanpainaren helburu nagusia.
Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak azaldu zuenez, haien beharretara egokitzen den ibilgailua uzteaz gain, proba modu egokian egiteko beharrezkoak diren bitarteko guztiak ere helaraziko zaizkie doan enpresei eta profesionalei. Ibilgailuak BMW, Lurauto, Gaursa, KIA Novocar, Oarso Car eta Peugeot Carza kontzesionarioek utziko dituzte, bakoitzak une bakoitzean erabilgarri duena (turismoak eta furgonetak izan daitezke). IBILek Donostian bertan eta EAE osoan dituen karga publikorako azpiegiturak erabiltzeko aukera izango dute eta horrela joan-etorri labur eta luzeagoak egin ahal izango dituzte.
Atzoko aurkezpenean adierazi zutenez, kanpainaren iraupena bi hilabetekoa da. EAEn Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) bultzatutako planaren baitan ere kokatzen da: beste hiriburuetan aurretik egindako kanpainek arrakasta nabaria izan dutela adierazi zuten partaide-tzari dagokionez.
dbus Bestalde, Mugikortasun Astearen baitan, Dbusek Jar zaitez nire lekuan jarduera antolatuko du gaur eta bihar: 10.00etatik 13.00etara Alderdi Ederreko autobus batera hurbiltzen direnek zentzumen-zailtasunak dituzten pertsonek senti-tzen dutena ezagutzeko aukera izango dute, erabiltzaileen arteko enpatia bultzatzeko asmoz. Mugitzeko edo ikusteko zailtasunak eta mugak dituztenek topatzen dituzten arazoak irudikatzea da helburua. - A.Z.