donostia - Lehen Amara Eguna antolatu dute amaratarrek, Euskal Herrian gauza gehienak mahai baten inguruan eta musikak lagunduta ospatzearen tradizioari jarraituz. Helburua auzotar guztiak elkartzea da, komunitatea sortzea eta denen arteko komunikazioa areagotzea.

Horretarako elkarlanean aritu dira auzoko hainbat elkarte, eremu eta alor desberdinetan aritzen direnak. Amara Bai auzo elkartea, Donosti Berri, Vasconia kirol elkartea, Mundo Nuevo, Goi Alde eta Lagun Artea, besteak beste. Aspalditik zeukaten ideia hori buruan eta Arroka plaza berriaren inaugurazioaren zain zeuden, baina, azkenean, horri itxaron gabe ideiari forma eman eta data eta egitaraua adostu dituzte.

Lehen Amara Eguna izango da eta antolatzaileek espero dute azkena ez izatea eta datozen urteotan jarraipena izatea. Hainbat elkartek beste hainbat ekimen antolatzen dituzte urtean zehar, baina oraingoan auzotar guztiak batu nahi dituzte. Egia da hainbatetan elkartu direla, baina azken urteotan auzoak bizi duen eraldatze prozesuaren inguruan izan da batez ere.

Oraingoan, ordea, jai giroan bildu nahi dituzte, guztiak gustura sentitzeko asmoz, batzuen eta besteen artean sumatzen duten urruntasuna gainditzeko helburuarekin. Hala, amaratar guztiei zabalik dagoen jaia izango da, baita azken urteotan Morlansera edo Erriberetara joandakoei edo auzoarekin nolabaiteko lotura dutenei ere, besteak beste.

Hitzordua bazkalaurretik egingo dute, 13.00etan paella prestatzeko bilduko baitira Arrokan bertan eta 13.30ean kantujira berezia izango dute. Ondoren, 14.00etan izango da paella jana herrikoia. Txartelak dagoeneko salgai daude auzoko tabernetan hamabi euroan (La Fonda, Esnaola, Urban Coffee, Barandiaran Harategia). Bazkalostean, 15.30etik aurrera, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearen eskutik erromeria izango da. 17.30erako edo amaituko dute, egun horretan Realaren partidua dagoela eta, Anoetara joateko asmoa duena garaiz ibiltzeko. Dena den, egitaraua osatzeko lanean jarraitzen dute oraindik eta sorpresaren bat ere egon daiteke.

Elkarlanerako gogoz aritu dira auzoko elkarteak lanean eta lehen Amara Eguna jendetsua izatea espero dute, baita auzotarren arteko loturak eta harremana estutzeko gune eta ordu egokia ere.