Síguenos en redes sociales:

Lau gunetako argiak berrituko ditu Udalak

Led teknologia jarriko dute Bidebietan, Mandasko Dukean, Igaran eta Lugaritzen

Lau gunetako argiak berrituko ditu UdalakArgazkia: G.E.

donostia - Donostiako Udalak argi publikoak berrituko ditu hiriko lau gunetan eta egungo lanparen ordez led teknologia erabiltzen dutenak jarriko ditu. Zehazki, Mandasko Dukearen pasealekuko argiak, Lugaritz pasealekukoak, Bidebieta auzokoak eta Igara aldekoak berrituko dituzte eta egitasmoaren aurrekontua 150.000 eurokoa da.

“Diru-laguntza eskatu behar diogu Energiaren Euskal Erakundeari egitasmoa burutzeko energia-eraginkortasuna sustatzeko duen programaren baitan”, azaldu du Marisol Garmendia Espazio Publikoetako zinegotziak. 31.000 euroko laguntza izango dutela aurreikusi du Garmendiak.

“Hiriko argiak pixkanaka egokitzea da gure asmoa, argi-mota berriak jasangarriagoak direlako, CO2 gutxiago isurtzen dutelako, energia aurrezten laguntzen dutelako eta, hortaz, argindarraren faktura ere txikiagoa izaten delako”, gaineratu du zinegotziak.

Mandasko Dukearen pasealekuan lanak hiru hilabete luzatuko dira eta aurrekontua 42.000 eurokoa da: 75 farola aldatuko dituzte. Bidebietan 68 aldatuko dituzte (33.000 euro), Lugaritzen 58 farola (28.000 euro) eta Igaran, azkenik, 96 (46.300 euro), guztiak hiru hilabeteko epean. - N.G.