Síguenos en redes sociales:

‘Hamakenea’ jarri da martxan beste behin Cristina Enean

‘Hamakenea’ jarri da martxan beste behin Cristina EneanFoto: J. Colmenero

DONOSTIA. Aurten ere parkeaz gozatzeko beste modu bat dago Cristina Enean. Bai iaz eta baita 2019ko uda honetan ere, Cristina Enea parkeko hainbat lekutan kokatutako hamakek erlaxatzeko eta parkeaz modu ezberdin batean gozatzeko aukera eskaintzen dute.

bazkalosteko siesta egiteko edo patxadaz irakurtzeko, etxeko sofaz harago, hondartza edo belardia aukeratzen duenik badago. Iazko udan eta honetan parkera joaten denik ere bai. Cristina Eneako zuhaitzen artean barreiatuta, bost hamaka daude eta, gehienetan, barruan norbait ezkutatzen dute.

Parkea ikuspegi berri batetik gozatzeko aukera eskaintzen zutela eta erabaki zuten Cristina Enea Fundaziokoek hamakak jartzea. “Erlaxatzeko aukera ematen dute”, aipatu du Hamakenea ekimena bultzatu duen Eneko Calvok, eta hamakak erabiltzeko gonbita ere luzatu die donostiarrei. Parkearen hego magalean daude kokatuta eta iazko esperientziaren ondoren (erabilera oso altua izan zen ia egunero), aurten errepikatzea erabaki zuten.

Helduentzako bost hamaka daude Cristina Enean eta horiekin batera umeentzako beste bi ere bai, aulki antzekoak azken horiek, zuhaitzetatik zintzilik guztiak. Kasu horretan, jolasean aritzeko gerturatzen dira gaztetxoak batez ere baina helduen kasuan, lasai egon, irakurri eta baita lo egiteko ere erabiltzen dituzte, bai hamakak eta baita aulki antzekoak ere.

Eguraldiaren araberakoa izaten da erabilera baina, euria egiten ez badu behintzat, okupatuak egoten direla egunero aitortu dute Fundazioko arduradunek. Eta bertara-tzen direnek erabilera egokia egiten dutela ere bai, ondo zainduta baitaude. Iaztik bakarra kendu behar izan dute erabilerarengatik kaltetuta zegoelako (iaz sei jarri zituzten) baina gainerakoek bertan jarraituko dute irailaren 15era arte. Bisitarien zain.