azpeitia - Julen Esteban, Yolanda Kerexeta eta Aritz Orbegozo Marea Urdina elkarteko kideak dira. Autismoa duten pertsonen aldeko sentsibilizazio ekimen gisa sortu zen baina iaz hartu zuen dimentsioaren ondoren, Marea Urdina inklusioaren aldeko elkartea izatera pasa da.
Joan den urteko udan, lau lagunek igeriketa zeharkaldia antolatu zuten Gipuzkoako kostaldean, Autismoa duten pertsonen alde sentsibilizatzeko. Ekintza horrek “gure amets onenetan ere espero ez genuen” babesa jaso zuen Gipuzkoako gizartearen aldetik eta babes hori azaroan sortu zen Marea Urdina elkartearen abiapuntua izan zen. Ordutik aniztasun funtzionala duten pertsonak Urola bailarako herrietan sortzen diren kultur, kirol eta aisialdi arloetako aktibitate eta dinamika ezberdinetan leku bat izan dezaten lan egiten du. Aritz Orbegozo, Yolanda Kerexeta eta Julen Esteban dira Marea Urdinako kide batzuk eta egunkari hau beraiekin elkartu da Loiolan, beti ere, elkartearen ibilbidea, jarduera eta etorkizuneko erronkak ezagutzeko.
Nola sortu zen Marea Urdina?
-Julen: 2017ko urrian lagun batzuk pentsatu genuen zerbait egin behar genuela Autismo duten pertsonak bistaratu eta gizarteratzen laguntzeko. Horrela, Marea Urdina deitu genuen igeriketa zeharkaldi bat antolatu genuen eta ez sinesteko moduko arrakasta izan zuen; bazter guztietatik jaso genuen laguntza.
-Aritz: Hala izan zen bai. Hasieran igeriketan egiteko 15 bat lagun elkartu nahi genituen baina pixkanaka pixkanaka jendea animatzen joan zen eta konturatu orduko ba geneukan 80 igerilari zeharkaldia egiteko prest. Hori ikusita igeriketa popularrak antolatu genituen Deba, Zumaia, Zarautz eta Donostian eta 500 lagunetik gora parte hartu zuten.
Orduantxe hartu zenuten Marea Urdina elkartea eratzeko erabakia?
-A: Zeharkaldiak izan zuen erantzunarekin ikusi genuen gure bailara sensibilizatuta zegoela behar bereziak dituzten herritarren aurrean. Horrela, talde eta elkarte ezberdinekin hitz egiten hasi ginen eta ikusi genuen Urola bailaran ez zegoela behar bereziak dituzten familiak batzen zuen elkarte bat; elkartu ginen eta Marea Urdinak izan zuen tiroia aprobetxatuta elkartea eratu genuen.
-Yolanda: Beharrezkoa ikusten genuen elkarte bat sortzea erakundeengana zerbait eskatzera joaterakoan ateak errazago irekitzeko.
Esan eta izan...
-Y: Bai, joan den urteko azaroan eratu genuen Marea Urdina elkarte bezala eta dagoeneko bailarako 25 bat familia gaude bertan izena emanda. Elkartean Autismoa, Asperger, garun-paralisia, Duchesne sindromea, brakial-paralisia edo gortasun arazoak duten pertsonen familiak daude. Azken batean, Marea Urdinean edozein behar bereziak dituzten familientzako lekua dago.
-A: Bai, eta gurekin kontaktatu nahi dutenek Marea Urdinaren web gunean sartu edota Udalen gizarte zerbitzuetan galdetu dezakete. Behar bereziak ditugun familia guztietan hizkuntza berdina egiten da eta horregatik elkartea leku aproposa da norberak duen egoeraz hitz egiteko, beharrezko laguntza non topatu eztabaidatzeko...
Nolakoa da erakundeengandik jasotzen ari zarete erantzuna?
-Y: Beti lagundu daiteke gehiago baina egia da bailarako Udalek ateak ireki dizkigutela eta harremanetan gaudela. Lan handia egin ondoren ontxe hasi gara laguntzak eskatzen eta emaitzak etorriko direlakoan gaude.
-A: Dagoeneko zerbait lortu dugu. Izan ere, Udalen deiak jaso ditugu burutu nahi duten proiekturen baten aurrean irisgarritasuna edo beste gairen inguruan gure iritzia ezagutzeko eta eskertuta gaude.
Zer nolako proiektuak dituzue esku artean?
-J: Batetik, akzesibilidade kognitiboa lantzeko proiektu bat garatzen ari gara Azpeitiko Udalarekin. Bestetik, aniztasun funtzional ezberdinak azalduko dituen erakusketa bat prestatzen ari gara eta prest dagoenean Azkoitian eta Azpeitian ikusi ahalko da.
-Y: Gainera, ziurtagiri batzuk kaleratu ditugu inklusioaren alde zerbait egiten ari diren erakunde eta eragileei emateko, errekonozimendu gisa. Eskaera asko jasotzen ari gara eta oso gustora gaude ekimen horrekin. Izan ere, Marea Urdinaren ziurtagiria jasotzen duen erakundeak inklusioaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du.
-A: Guzti horretaz aparte, herrietako eragile ezberdinen ateak jo ditugu eta dagoeneko lortu dugu gure umeak musika eskolan, igerilekuan, Eskola Kirolean, udaleku irekietan edo ludotekan lekua izatea. Hori da Marea Urdinaren helburua eta bide horretan lanean jarraituko dugu.