Síguenos en redes sociales:

Jose Arana gudariaren plaka berrezarri du Zizurkilgo Udalak

Polloeko hilerritik desagertu ondoren, berriz jarri nahi izan dute Zarateko Bentan hil zuten lehen gudaria omentzeko

Jose Arana gudariaren plaka berrezarri du Zizurkilgo Udalak

Zizurkil - Zizurkilgo Udalak Jose Arana Irastorza EAE-ANVko lehen gudariaren omenezko plaka berrezarri du.

Gogoratu behar da Zizurkilgo Udalak 2018ko uztailean plaka bat jarri zuela Donostiako Polloe hilerrian, Jose Arana Irastorza, 1936ko irailaren 17an Zizurkilgo Zarateko Bentan hil zuten Gerra Zibileko EAE-ANVko lehen gudaria omen-tzeko. Plaka ipintzeko ekitaldian parte hartu zuten Arana zenaren senideek, Arantzadi Zientzia Elkarteak eta baita memoria historikoaren gaian bide lagun diren Aiztondoko Udalek. 2019ko aste santu aurretik baina, plaka desagertu egin zen Polloeko hilerritik.

Joxe Mari Luengo Zizurkilgo alkatearen arabera, “gaitzesgarria eta tamalgarria da memoria historikoa berreskuratzeko ekintza baten aurkako horrelako erasoa eta berehala ikusi genuen plaka hori berrezarri behar genuela. Eta hala egin dugu”. Udalak elkartasuna eta babesa adierazi nahi die Aranaren senide eta gertukoei eta konpromisoa berresten du memoria historikoaren eta giza eskubideen urraketak jasan dituzten guztien alde lanean jarrai-tzeko.

Era berean, Aranzadi Zientzia Elkarteak udaro Aiztondoko Udalekin elkarlanean egiten dituen auzolandegien baitan, Jose Arana Irastorzari omenaldia egiteko asmoa azaldu du. - M.S.S.