“20 urte banitu, ez nintzateke fabrikara joango: mendian beste inon baino gusturago egoten naiz”
Joan zen larunbatean ezkiotarrek Joxe Ugarteburu aizkolaria omendu zuten. Ugarteburu bi aldiz izan zen bigarren mailako txapeldun eta hiru aldiz hirugarren lehen mailako txapelketan. Bere garaiko aizkolari txikien artean, handiena izan zen
ezkio - Egurrarekin eta aizkorarekin duzun harremana aspalditik dator.
-16 urterekin dagoeneko basoan lan egiten nuen. Eskola ez nuen oso gustuko eta txanpon batzuk behar nituen. Dena den, basoa beti gustatu zait. Urte askotan basoan lan egin nuen, baina orain lantegi batean lan egiten dut. 20 urte banitu, ez nintzateke fabrika zulora joango. Mendian beste edozein tokitan baino gusturago egoten naiz. Mendiko lana beti gustatu zait, baina gauzak aldrebesten hasi zirenean (zorrak utzi zizkiguten) fabrikara joan behar izan nuen. Duela 15 bat urte izan zen hori.
Nolatan hasi zinen aizkolari erakustaldi eta lehiaketetan parte hartzen?
-Ramon Iurrebaso zena egurra kargatzera etortzen zen. Oraindik erakustaldietan parte hartzen zuen eta berarekin joatea eskaini zidan. Halaxe hasi nintzen. Lehen erakustaldiak berarekin egin nituen. Aita-semeak bezalaxe, Amurriora joan ginen. Hango saria ekarri nuen. Ondoren, Tolosara joan ginen, gazteen txapelketa batera. 17-18 urte nituen txapelketa hartara joan nintzenean. Iurrebaso izan zen nire lehen maisua.
Prestatzaile gehiago izan al zenituen?
-Leitzako Kristobal Lazkano, Iturraspe eta hauekin ibili nintzen. Lazkanok asko lagundu zidan.
Hamar apustu jokatu zenituen.
-Jokatu nuen handiena Aierberen aurkakoa izan zen: 16 oinbikotara jokatu genuen. Nire burua ondo prestatu nuen eta irabaztea lortu nuen. Bizkaia aldean lanean hasi nintzenean, prestatzeko denbora gutxi nuen eta aizkora utzi nuen.
Baina itzuli egin zinen.
-Azurmendiri, Arrospideri... lagun-tzen nien eta itzultzea erabaki nuen. Oraindik ez dut erabat utzi... Gustatu egiten zait eta... Iaz ez nituen erakustaldi asko egin, baina kolpe txukun batzuk emateko gai naiz oraindik. Bestalde, Mikel Larrañagaren prestatzailea naiz. Erreminta prestatzea ere beti gustatu izan zait eta gustura nabil berarekin.
Nolako aizkolaria zinen?
-Gorputz txikikoa. Kilo gutxikoa. Bizkorra nintzela esaten zuten. Zerbait behar... Ramon Iurrebasoren an-tzekoa nintzen. Lan txikietan ondo moldatzen nintzen, baina lan luzeetan beti gaizki. Azkar erortzen nin-tzen. Nirea ematen nuen, baina ez nintzen gailurrera heldu. Ez dut horretarako gorputzik.
Ba al dago bereziki gogoratzen duzun egun bat?
-Aierberen aurka apustua jokatu nuen, 16 oinbikora. Garai hartan Mindegia gurekin ibiltzen zen, irakasten. Aranburutarren baserrian, Aetan, egin genuen azken entrenamendua. 18 oinbiko ebaki nituen. Oso egun ona irten zitzaidan. “Jokoa gaur irabazi dek. Gaurkoa egiten badek, ez dek hiri irabazteko gai izango”, esan zidan Mindegiak. Hala izan zen. 18 oinbiko haiek hain ondo ebakitzeak, konfiantza handia eman zidan. Egur gogorra zen eta proba oso gogorra izan zen, baina aurretik egur gogorra ebakita joan ginen.
Zein dohain behar ditu aizkolari on batek?
-Berezkoa izateaz eta ondo presta-tzeaz gain, plazan egoten jakin behar du. Etxean lan ona egiteak ez du ezertarako balio, plazan urduri jarriz gero.
Azken 50 urteetako aizkolari onenetako gehienen aurka lehiatu zara.
-Luxia eta Gartziarena ez nituen ezagutu, baina Gorriti eta Latasarekin aizkoran egitera heldu nintzen.
Zein da ezagutu duzun aizkolari onena?
-Galdera hori erantzutea oso zaila da. Aizkolari on asko egon dira. Nire gustukoa Mindegia izan da. Baina Arrospide bera ez da bromatakoa izan. Sei txapel lortu zituen segidan. Gainera, besteren bat lor zezakeen. Plazara ez zen egokitzen eta egokitu zenean lan handiak egin zituen. Bere atzetik Olasagasti, Nazabal... etorri ziren.
Nola ikusten duzu aizkora mundua?
-Ez dago gaizki. Aizkolari asko dago. Ez direla lehengoen mailara heltzen diote, baina hori ezin da konparatu. Horri ez diot koskarik bilatzen. Garaian garaikoa. Egurra dela eta, ez dago konparatzerik. Egun ere aizkolari onak daude. Atutxak eta Vicentek asko egiten dute aizkoran. Gainera, biak gazteak dira. Bien artean dagoen berdintasuna eta lehia ona da aizkorarentzat.
Más en Gipuzkoa
-
Jasangarritasuna, ardatz estrategikoa euskal enpresentzat "Gipuzkoa Zaindu" jardunaldian
-
Somos visibles: Arrasate reivindica todas las identidades a través de diferentes actos
-
“Mantener el molino es un gasto constante, pero es algo nuestro y mientras podamos, lo haremos”
-
“La llegada del ordenador cuántico a Donostia la posicionará en el mapa mundial y atraerá talento”