orio - Amaia Gozategi Orioko Mandalara elkarteko sortzaileetako bat da. Elkarteak 2006. urtean hasi zuen bere ibilbidea eta autoezagutzeko erremintak eskaintzen hasi bazen ere, doluaren gaiak gizartean hutsune bat zuela ohartu zen eta hortik abiatuta, heriotzaren inguruko hainbat lanketa proposatzen hasi zen. 2018. urteko urrian Kutxa Fundazioaren Gipuzkoa Kutxa Solidarioak diru-laguntzak emango zituela jakin zuten eta Bizi-tzaren bukaerarako ibilbidean proiektua aurkeztea erabaki zuten, baita irabazi ere.
Zein da ‘Bizitzaren bukaerarako ibilbidean’ proiektuaren helburua?
-Proiektuaren helburua heriotzarekin erlazioa duten hainbat gai jorratzea da. Bizitzako uneren batean gizaki orori tokatuko zaigu familiako eta lagunen baten heriotzari aurre egitea, horregatik oso garrantzitsua da gaia mahai gainean jartzea eta herritarrak informatzea. Prozesu hori anitza izan daiteke; horregatik, heriotzaren alderdi desberdinak jorratzeko proiektua antolatu dugu. Besteak beste, zainketa aringarriak, lege aldetik gaixoek eta beren familiek dituzten eskubideak, familiako umeei heriotza azaltzeko modua, dolua eta beste hainbat gai landuko dituzte hitzaldi eta tailerren bidez.
Beraz, Gipuzkoako Kutxa Solidarioak emandako diru-laguntzarekin doluaren gaia oinarri hartuta, hainbat hitzaldi antolatuko dituzue.
-Halaxe da. Kutxa Fundazioaren Gipuzkoako Kutxa Solidarioak aurten doluaren inguruan antolatuko ditugun hamabi hitzaldi finantzatuko dizkigu. Hurrengo ostiralean izango da proiektuaren lehen hitzaldi eta aurkezpena. Gure asmoa, hilabetean ekimen bat antolatzea da, hizlariek posible badute, behintzat.
Aurreratu al dezakezu hizlariren baten izena eta ekimenen bat?
-Bai, maiatzaren 13an, adibidez, Iñaki Olaizola antropologoak Muerte, Ritual funerario y luto izenburupean konferentzia bat eskainiko du Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Maiatzaren 20an Okendoko Kultur Etxean ¿Qué entendemos por una buen muerte? saioa emango dute Mar López (Vivir un buen morir fundazioko presidentea) eta Juan Carlos Trallerok (Paliacliniceko sortzailea eta Destellos de Luz en el Camino liburuaren idazlea). Lehenengo sei hilabeteetako ekin-tzak prest ditugu dagoeneko. Bigarren seihilekoan, heriotzaren gaia irakasleekin landu nahi dugu. Gai hau jorratzera etorriko da Alacantetik Mar Cortina aditua, adibidez.
Non eskainiko dituzue ekintza hauek guztiak?
-Kutxak Donostiako baserri polit bat utzi digu Bidebietan (Serapio Mujika, 10) eta bertan aurkeztuko dugu, adibidez, gure proiektua. Orion lana ezagutzera emateko intentzioa ere badaukagu, herritarrak hala eskatuta. Orokorrean, kultur etxeetan antolatuko dira ekimenak.
Heriotzaren gaia zein egoeratan dago egungo gizartean?
-Baserrietan lehengo garaian askoz ere naturaltasun handiagoz hiltzen zen jendea. Ulermen bat zegoen heriotzaren aurrean. Ume bat galtzen zutenean, adibidez, orain baino errazago ulertzen zen. Egun, horrelako zerbait gertatuz gero, iruditzen zaigu ez dela naturala, baina heriotzak ez dauka adin bat. Duela urte batzuk, familiakoren bat hiltzen bazen, etxean edukitzen zen eta niri iruditzen zait 30 urteetan zulo bat egon dela hor. Ez ditugu onartzen ez heriotzak, ezta gaixotasunak ere. Guk hori normalizatu nahi dugu, beste gauza askori buruz naturaltasun osoz hitz egiten den bezala, heriotzaren gaiaren inguruan normaltasunez hitz egin nahi dugu.
Lehen esan duzunez, ordea, jendeari jakin-mina sortzen dio heriotzak...
-Bai, nahiz eta gai tabu bat izan, espazio ireki bat jartzen denean txiki gera-tzen da eta horrek harritu egiten nau. Gainera, leku guztietako jendea bertaratzen zaigu. Aurretik Orion egin ditugun ekimen guztietan Zumaia, Zarautz, Getaria, Debako herritarrak etortzen dira. Beharrezkoa da herio-tzaren inguruan hitz egitea, jendeak eskertu egiten du. Heriotzari erreparatzen ez dion gizartea ez da herri osasuntsua.
Heriotzaren gaia etorkizun batean noraino iristea gustatuko li-tzaizuke?
-Mundu mailako komunitate errukitsuak izeneko mugimendu bat sortu da. Heriotzaren bat jasan duen norbaitek, esaterako, erosketak egiteko gogorik ez baldin badu, bizilagunak laguntzen dio horrelako lanak egiten. Hori gure gizartean lortzea polita izango litzateke.