Errenteria - Gipuzkoan Waldorf metodologia sustatzen duen eskola bat sortzeko indarrak batzen dituen talde batek hitzaldia antolatu du gaur 17.00etan, Errenteriako Xenpelar Aretoan.

Han bertan aurkeztuko dute Waldorf pedagogia eta metodologia Lehen Hezkuntzan, zeinean, bultzatzaileek adierazten duten moduan, “era harmoniko batean ekimena, sentimena eta adimena garatuak” izaten diren. “Etapa honetan, irakur-idazketa, matematika, akuarela, marrazketa, txirula, gurutze-puntua, kakorratza eta baratzean lana, beste arlo askoren artean, daude presente. Hau guztia artea, mugimendua eta bizikidetzaz ehunduta”, esan dute.

Euskadiko Waldorf eskola bakarreko irakasleak izango dira hizlari, Geroa eskolakoak, Eusko Jaurlaritzak homologatuta eta kontzertatuta dagoen Arabako ikastetxea.

Indarrak 2019-2020 ikasturterako ateak irekitzera bideratuak ditu taldeak. Hau guztiagatik pertsona oro gonbidatu nahi du “berritzailea eta humanista” den hezkuntza eredu hau ezagutzera. - A.M.