Tolosa - Energia iturri berri eta garbien eta kontsumo eraginkorreko teknologien inguruko ezagutza jendartera gerturatzeko helburuarekin laugarren aldiz antolatuko dute larunbatean Energia Azoka Trianguloan. Gainera, goiz osoan zehar, eta jende kopuruak ahalbidetzen badu behintzat, auto eta bizikleta elektriko bat erabilgarri izango dira. “Jendea liluratuta geratuko da esperientziarekin, kotxe elektriko bana erosteko gogoz”, aditzera eman zuen Usurbilgo Lanbide Institutuko zuzendari Isidro Zalduak.

Larunbatean 10.00etan zabalduko ditu ateak Tolosako Udalak, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua eta Usurbilgo Lanbide Eskolak antolatutako azoka bereziak eta 14.00ak bitarte gai ugariren bueltako stand eta informazio panelak izango dira ikusgai: biomasa galdara, eguzki energia instalakuntza ezberdinak, aerotemia instalakuntza, temperatura baxuko berogailuak, led argiteria edota eraikuntzetarako aislamentu material eta akabera ezberdinak.

Patxi Amantegi, Ingurugiro zinegotziak adierazi zuen moduan, “herritarren kontzientzia mugi-tzea, aurrezpen eta eraginkortasun energetikoan inplikatzea, hain zuzen ere”. Klima aldaketari aurre egin eta egokitzen ari den herria da Tolosa, energia eraginkortasuna eta kontsumo arduratsu eta eraginkorra izanik oinarri. Eguneratze-teknologikoa, energia elektrikoaren kontsumoaren gutxitzea, atmosferara CO2ren igorpena gutxitzea eta mantenu-kostuen gutxitze nabarmena dakartzate ekintza hauek guztiak. “Herritarren esku jarri nahi dugu erakutsiz zer dagoen alor honetan eta beren egunerokoan zer egin dezaketen”, gehitu zuen Amantegik.

Azoka hobeto ezagutzeko eta azalpenak jasotzeko bi bisita gidatu izango dira larunbatean. Ez da aurrez izenik eman beharko eta bisitak 11.30ean eta 12.30ean izango dira.

Egitasmoak Tolosan hainbat egitasmo burutu dira azken urteotan energia berriztagarrien arloan. “Azken urtean argiteria aldaketa gauzatu da hainbat gunetan, led sistema ezarriz, guztira 400.000 euroren bueltako aurrekontuarekin”, esan zuen Amantegik. Bidebieta auzoan eta Bizkaia kalean, Suhiltzaileen biribilgunean, Iparragirre-Izaskun auzoan, Olarrainen, Kondeaneko aldapan, eta Nafarroa etorbidean egin dira aldaketak. “Gudari kalean amaitzear gara eta urtarrila hasieran Alde Zaharreko eta Berazubiko argiteria berrituko dugu”, gehitu zuen.

Bestalde, udal eraikinen eraginkortasuna bermatzeko udal eraikin nagusian berogailuaren sektorizazioa egin dute eta, era berean, bizikleta elektrikoa dute orain erabilgarri udal langileek.